Euskal Telebistari buruzko liburua kaleratu berri du Urtzi Urkizu kazetariak, eta horren inguruan, saio bikoitza antolatu dute ostegun honetarako, Biterin, arratsaldeko 19:30etan hasita.
Batetik, Urkizuren liburua bera aurkeztuko dute bertan: Txoria hodei artean; ETB lehen eta gero. Eta bestetik, mahai ingurua egingo dute, Euskal Telebistari buruz, ETB, nondik dator eta nora doa? izenburupean.
Mahai inguruan hartuko du parte Urtzi Urkizuk, Ekhiñe Atorrasagastirekin, Elixabete Garmendiarekin eta Lander Arretxearekin batera.
Liburuan, lau hamarkadako ibilbidearen errepaso zabala egin du Urkizuk, telebista ezerezetik sortu zenetik egungo erronketera, ETBko hainbat aritu eta adituri elkarrizketak eginez. Liburuak jorratutako gaietatik abiatuta ariko dira gonbidatuak ETBri buruz solasean, mahai inguruan.
Doakoa eta irekia izango da saiorako sarrera, interesa duten herritar guztientzat.