Bikoitza izan zen aldarrikapena atzo eguerdian, Hernaniko Kaxkoan. Pentsiodunen asteleheneroko eskaerei, atzokoan batu zitzaien Israel Palestinan egiten ari den «genozidioa» gelditzekoa.
Ikama ikasle mugimenduak deituta, kalera atera ziren atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta herrietan, eta Hernanin ere egin zuten manifestazioa eguerdian, Plaza Berritik abiatuta. Berezia izan zen, gainera. Pentsiodunek egin zuten kale buelta aurrena, gutxienez 1.080 euroko pentsio duinen aldeko aldarria eginez; eta Plaza Berrin bukatu zuten aurreneko manifestazio hori. Orduan, bat egin zuten bertan Palestinaren aldeko pankartekin eta banderekin zain zeuden ikasleekin, eta elkarrekin egin zuten manifestazioa, gazte zein heldu, ikasle zein pentsiodun: «Israel, boikot!» eta «Palestina askatu!» bezalako oihuak zabaldu zituzten Kaxkoan.