Indarkeria matxistaren 32 kasu berri artatu zituzten iaz Hernaniko Zerbitzu Sozialek eta Plaza Feministak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 14a, 00:00

2023 urteko txostena osatu du Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak, Hernanin indarkeria matxista bizi zuten emakumeen datuekin. Kasu horiei erantzuteko, Kulturarteko Plaza Feminista «gero eta gehiago» erabiltzen dela adierazi du.

Indarkeria matxistak gutxienez 32 kasu berri utzi zituen joan den urtean Hernanin. Horiek izan ziren Kulturarteko Plaza Feministak 2023an artatu zituenak, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak aditzera eman duenez. Urtero bezala, txostena osatu du herrian indarkeria matxista bizi zuten emakumeen datuekin, eta 32 kasu berri erregistratu ziren iaz Udaleko Zerbitzu Sozialetan eta Kulturarteko Plaza Feministan. Horietatik zazpik Plaza Feministan egin zuten indarkeriaren kontrako ibilbide osoa, eta gainerakoek Zerbitzu Sozialetan.

Berdintasun Sailak azaldu duenez, emakume bakoitzak «sarbide edo ibilbide ezberdina» egiteko aukera dauka, «nahi eta beharren arabera». Zentzu horretan, gero eta gehiago dira Kulturarteko Plaza Feministaren aholkularitza juridikoaren zerbitzua erabiltzen duten emakumeak. Joan den urtean, artatutako kasuetan, %43,3ak erabili zuen zerbitzua.

Horrez gain, %16,7k hauta­tu zuen Kulturarteko Plaza Feministako elkar-zaintza taldera batzea. 2022an jarri zuten martxan talde hori, psikologo batek gidatuta; eta ordutik 17 emakumek jo dute bertara. Une honetan, zazpi erabiltzaile dauzka modu jarraituan.

Hori horrela, Udalak nabarmendu du «erreferentzialtasuna» lortzen ari direla Kulturarteko Plaza Feministan dauden baliabideak, indarkeria matxistaren kontra.

2023 urtean artatutako kasu­en in­­gu­ruan, beste hainbat datu eman ditu Berdintasun Sailak. Artatutako emakumeen %83,3ak pairatu du indarkeria psikologikoa, %60ak indarkeria fisikoa, %33,3ak indarkeria ekonomikoa, eta %20ak indarkeria sexuala.

Kasuen %90ean izan da bikote harremanik erasotuaren eta erasotzailearen artean, iraganean edo gaur egun; eta soilik bi kasutan izan da erasotzailea ezezagun bat. Gainera, erregistratutako kasuen %80an, emakumeek Espainiako nazionalitatea dute, eta gainerako %20a, beste bost jatorritako emakumeak dira.

 

Iazko kasuen eraginpean, 30 adingabe

Bestalde, Berdintasun Sailak adi­­e­razi du «esanguratsua» dela in­darkeria matxista pairatzen duten emakume gehienek dauzkatela seme-alabak. Horrela, joan den urtean artatutako kasuetan, 30 adingabe daude tartean, gehienak 0 eta 13 urte bitarteko haurrak (%73,33a). Kasu gehienetan, haurrek harremana dute erasotzailearekin, nahiz eta haiekiko legezko zaintza-ardurarik ez izan erasotzaileak gehienetan.

Erasotzaileen inguruan, informazio gutxi dago. «Hala ere, nabarmentzekoa da gehienek ez dutela aurrekaririk indarkeria matxistan, eta Espainiako nazionalitatea dutela. Aipagarria da erasotzaileek ez dutela baliabiderik erabili: gizonezko erasotzaileek ez dute harremanik Zerbitzu Sozialekin, ezta Kulturarteko Plaza Feministarekin ere», azaldu du Udalak.

 

Txostena, Erakunde arteko Protokoloaren Mahai Teknikoan aztergai

2016an onartu zen Hernanin indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta hobea emateko erakunde arteko jarduketa koordinaziorako II. Protokoloa. Bertan adostu zen indarkeria matxistaren datuekin Zerbitzu Sozialek fitxategi bat sortzea, eta Berdintasun Sailak urtero txostena egitea datu horiekin.

Txosten hori Erakunde arteko Protokoloaren Mahai Teknikoan aurkeztu eta aztertzen dute urtero. Mahai horretan hartzen dute parte Hernaniko Zerbitzu Sozialek, Berdintasun Sailak, Udaltzaingoak, Ertzain Etxeak eta Osasun Zentroak.

Txostenaren helburua da «Hernanin izan diren indarkeria matxista kasuak jasotzea eta gerturapen bat egitea, ikusteko zein kasuistika izan ditugun esku artean, horien arabera politikak eta erakunde arteko koordinazioa hobetzeko. Txostenean, indarkeria matxista pairatu duten emakumeen inguruko datuez gain, euren seme-alabenak ere jasotzen dira, haiek ere biktima baitira. Azkenik, erasotzaileen inguruko datu gutxi batzuk ere jasotzen dira», azaldu du Hernaniko Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!