Giro onean pasa zen Itzulia bailaratik

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 14a, 00:00

Itzulia Hernanitik pasatzen igandean.

Volleringek irabazi ditu azken etapa eta Itzulia. Murgilen gora egin du ihes, eta bakarrik iritsi da Donostiako helmugara.

Euskal Herriko Itzulia giro onean pasa zen igandean Hernanitik eta Astigarragatik. Jende asko bildu zen bide ertzean txirrindularien pasaera ikusteko. Zinkoenean bildu zen jende gehien. Ondoren, Demi Volleringek (SD Worx) irabazi zuen Euskal Herriko Itzulia. Azken etapan ikuskizuna eman zuen Herbehereetakoak, bakarrik heldu zen Donostiako helmugara, eta aurreikuspenak bete zituen. Hernanitik eta Astigarragatik igaro eta gero, Murgileko maldetan egin zuen ihes garaileak, eta hortik amaierara arte bakarlanean aritu zen. Bulebarra bete zuten zaleen aurrean ospatu zuen Volleringek garaipen bikoitza.

SD Worx taldeak, gainera, egin zuen Itzuli bikaina errematatu zuen, aurreko bi etapetan garaile izan zen Mischa Bredewoldek bigarren bukatu baitzuen sailkapen nagusian. Juliette Labousek (FDJ) amaitu zuen hirugarren.

Euskaldunen artean Ane Santesteban errenteriarra (Laboral Kutxa) izan zen onena; hamahirugarren amaitu zuen Euskal Herriko Itzulia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!