Hernaniko jubenilak hirugarren, Gipuzkoako Trainerila txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 14a, 00:00

Hernaniko arraunlariak Getarian igandean.

Hernaniko jubenilak hirugarren, Gipuzkoako Trainerila txapelketan

Hernaniko neska jubenilak brontzezko domina lortu zuten igandean, Gipuzkoako Trainerila Txapelketan. Itsaso zabalean San Juan izan zen garailea eta Hibaikak amaitu zuten bigarren 30 segundura. Hernaniarrak hirugarren izan ziren 41 segundura. Lehenengo bi luzeetan bigarren ziren hernaniarrak, Hibaikaren aurretik, baina azken bi luzeak, azkenengoa batez ere, luze egin zitzaien. Hala ere emaitza bikaina lortu dute jubenilek.

Kadeteek ere finalera sailkatzea lortu zuten, baina finalean ez zuten podiumera igotzeko aukerarik izan, 9:06ko denborarekin. Laugarren amaitu zuten neska hernaniarrek. San Juan (8:43), San Pedro (8:51) eta Zumaia (8:56) geratu ziren aurretik.

 

Trainerila Liga Hernaniko estropadarekin amaitu zen

Orion jokatu arren, Hernaniko Arraun Elkarteak antolatutako estropadarekin amaitu zen Gipuzkoako Trainerila Ligako. Azken jardunaldia izan zen eta neska kadeteek hirugarren amaitu zuten, sailkapen orokorrean bigarren postuan geratuta, San Juanen atzetik. Denboraldi oso ona burutu berri dute. 

Neska jubenilak bigarren postuan helmugaratu ziren Orion eta Ligako sailkapen nagusian hirugarren izan dira San Juanen eta Tolosaldearen atzetik. Bateletan izandako arrakasta eta gero trainerilan ere maila oso onean aritu dira neska gazteak. Hurrengo helburua Euskadiko Txapelketa izango dute eta gero traineruan murgilduko dira buru belarri Hernani Arraun Elkartekoak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!