Eskalada eta piraguismoa egiteko aukera, nerabeek, gazteek eta familiek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 13a, 00:00

Eskalada ikastaroak Santa Barbaran izango dira.

Udan egingo dira eskalada eta piraguismoa, eta doako ekintzak izango dira. Izena emateko aukera dagoeneko irekita dago (www.linktr.ee/gaztetu).

Aurten ere, Udalak aditzera eman duenez, Hernaniko nerabeek, gazteek eta familiek eskalada eta piraguismo ikastaro laburrak eta irteerak egiteko aukera izango dute dohainik. 

Eskalada eta piraguismo ikastaro hauek, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako, eta 18 eta 30 urte bitarte gazteentzako bideratuta daude. Astebeteko ikastaroak izango dira; ekainaren 10etik 14ra eskalada ikastaroa, nerabeentzat 16:00etan eta gazteentzat 17:30etan, Santa Barbaran. Ekainaren 17tik 21era, aldiz, piraguismoa eskaladako ordutegi eta txanda berean, Bidasoan.

Piraguarekin irteerak Bidasoa ibaian egingo dituzte: ekainaren 15ean sei urtez goitiko haurrak dituzten familientzako bi txanda; 10:30ean eta 12:00etan; 22an gazteentzat; eta uztailaren 20an, familientzako bi txanda, 10:30etan eta 12:00etan.

Udalak iragarri du dagoeneko izenematea irekita dagoela www.linktr.ee/gaztetu estekan sartuta edota 943 33 70 41 zenbakira deituta. Udalak jakinarazi du, ekaineko jardueretan izena emateko azken eguna ekainaren 5a izango dela eta uztaileko irteeran parte hartzeko, berriz, uztailaren 12a. Plazak mugatuak direnez, plaza kopurua baino izenemate gehiago badaude zozketa bidez esleituko dira tokiak.

Udako ikastaro hauek Kaxkardi elkarteak bideratuko ditu Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailaren antolakuntzarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!