Itzulia Womenen hirugarren etapak Hernani zeharkatuko du gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 12a, 00:20

Goizeko 10:30ak aldera pasatuko da lasterketa Hernanitik, eta beraz, 09:45ak aldera, erabat moztuko dute txirrindulariak pasa diren errepidea. 

Ostiralean eman zitzaion hasiera Itzulia Women lasterketari, Gasteizen. Dagoeneko bi etapa egin dituzte: lehenengoa Gasteizetik Elgoibarrera, 140 kilometro osatuz; eta bigarrena, Basauritik Basaurira, 104 kilometro osatuz. Gaur, hirugarren etapari emango zaio hasiera, Donostiatik Donostiara, eta tartean Hernaniko kaleak zeharkatuko dituzte txirrindulariek, 114,9 kilometro osatuz. Gaurko etapa erabakigarria izango da. Ibilbideak Donostiako Klasikoa simulatuko du; izan ere, Lezotik Jaizkibelera igoko da, eta, bukatzeko Murgileko hormatik gora egingo du Mendizorrotzeraino. Oriora eta ondorengo kilometroetan Donostiara jaitsiko dira, helmugaratzeko. 

 

Trafiko aldaketak Hernanin 

Hernaniko Udaletik jakinarazi dute lasterketa igaro baino 45 minutu lehenago, 09:45ak aldera, erabat moztuko dutela txirrindulariak pasako diren errepidea. Tarte horretan, Latsunbe kaleko aparkalekuetatik hasi, Sorgintxulotik pasa eta Urbeta-Txillidako biribilguneraino ezingo da autorik aparkatu. Elkanotik Agustindarren plazara doan bidea ere hustu egin beharko da. Txirrindulariak pasatzen direnean trafikoa berehala itzuliko da normaltasunera, eta ohiko aparkalekuetan kotxea uzteko aukera ahalbidetuko dute berriro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!