Herrilur eta Henaseko kideek denda berria zabalduko dute maiatzaren 20an, Karabelekon

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 12a, 00:00

Karabelekon irekiko dute denda berria.

Gertuko zein bertako produktuekin hornituko dute dena eta dendaren irekiera festa maiatzaren 17an ospatuko dute, 18:00etatik aurrera, Karabelekon bertan.

Herrilur eta Henaseko kideek, denda berri bat irekiko dute Karablekon, gertuko zein bertako produktuekin hornituko dutena, hain zuzen. Herrilurren eta Henasen asmoa da salmentak indartzea, eta herritarrei aukera ematea garaiko barazkiak erosteko, eta baita kontserbak edota frutak ere. Era berean, hazitegia ere izango dute azaldu dute dendako kideek, «bertako landareak saltzeko».

Karabelekok egin duen jarduna orain arte bezala mantenduko da, izan ere, «egiten duten lana ezinbestekoa» dela iruditzen zaie Herrilurri eta Henaseri. Abiatzera doazen erronka hau aukera paregabe moduan ikusten dute, «elikadura burujabetzari bultzada emateko beste urrats baten gisa. Eta jakitun gara, proiektuak lan, ardura eta inplikazio haundia eskatzen duela». Horregatik, Herrilurreko eta Henaseko langileak prest daude borondatezko lana egiteko; eta horrekin lotuta, ondorengoa helarazi die herritarrei: «inplikazio komunitarioa lotu nahian, bazkideei deia luzatu nahi diete norberak bere aletxoa jarri, eta hurrengo egun eta asteetan egingo diren auzo-lanetan parte hartzeko». 

Bide berri horren hasiera ospatzeko, dendaren irekiera festa antolatu dute maiatzaren 17rako, Karabelekon. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da festa musikarekin girotuta, eta haurrentzako jokoak izango dira, baita mokadutxoa jateko tartea ere.

Dendari dagokionez, maiatzaren 20an irekiko ditu atean, eta ondorengoa izango da ordutegia: astelehenetan 09:30etatik 19:00etara; astearteetan 09:30etatik 13:30etara, eta 17:00etatik 19:00etara; asteazkenetan itxita; ostegunetan 09:30etatik 13:30etara, eta 17:00etatik 19:00etara; ostiraletan 09:30etatik 19:00etara; eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!