Trafikoan eragina izango du Itzuliak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:12

Bihar lasterketa igaroko den bidea 09:45etan itxiko dute, eta Latsunbeko aparkalekuak mugatuko dituzte. 

Bihar Itzulia Women txirrindularitza lasterketako hirugarren etapa igaroko da Hernanitik, eta trafikoan eragina izango du. 

Hernaniko Udaletik jakinarazi dute lasterketa igaro baino 45 minutu lehenago, 09:45ak aldera, erabat moztuko dutela txirrindulariak pasako diren errepidea. Tarte horretan, Latsunbe kaleko aparkalekuetatik hasi, Sorgintxulotik pasa eta Urbeta-Txillidako biribilguneraino ezingo da autorik aparkatu. Elkanotik Agustindarren plazara doan bidea ere hustu egin beharko da. 

Txirrindulariak pasatzen direnean trafikoa berehala itzuliko da normaltasunera, eta ohiko aparkalekuetan kotxea uzteko aukera ahalbidetuko dute berriro. Udaletik jakinarazi dute edozein zalantza izanez gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko 943 248 900 telefonora deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!