Mailari eusteko partidu klabea dute Liga Nazionaleko jubenilek, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Partidu erabakigarria jokatuko dute Liga Nazionaleko jubenilek, Zubipen.

Beheko postuetan haiekin berdinduta dagoen Indartsu hartuko du Hernanik etxean, gaur 17:00etan.

Ezin tentsio haundiagokoa izango da denboraldi bukaera, beheko postuetan, mutil jubenilen Liga Nazionalean. Mailari eusteko borroka horretan murgilduta dago Hernani, beste sei talderekin batera; eta partidu klabea izango du gaur arratsaldean, 17:00etan hasita Zubipen: haiekin berdinduta dagoen Indartsu hartuko dute berdeek, hiru puntu oso oso garrantzitsu lortzeko. Ligako azkenaurreko partidua da gaurkoa, eta etxean jokatuko duten azkena.

Sailkapenean 13garren dago Hernani, 35 punturekin; eta bost talde dauzka atzetik, baina tarteak oso txikiak dira: Tolosak eta Indartsuk ere 35 puntu dauzkate, Beasainek 34, Santutxuk 33 eta Gernikak 28. Azkeneko biek elkarren kontra jokatuko dute asteburuan, eta Tolosak eta Beasainek goiko postuetako bi talde izango dituzte aurrean, Alaves eta Aurrera de Vitoria.

Gaurkoa irabazita, mailari eutsiko diote berdeek. Zaleen babesa beharko dute, eta horregatik, gaurkoan doakoa izango da sarrera. Zubipera jaisteko deia luzatu diete herritar guztiei.

Euskal Ligako neskek ere, etxeko azkeneko partidua

Oso bestelako egoeran, etxeko azkeneko partidua jokatuko du Hernanik gaur, nesken Euskal Ligan ere. Anaitasunaren kontra ariko da Zubipen, arratsaldeko 19:00etan hasita. Garaipenarekin agurtu nahi dituzte zaleak, denboraldi bikaina borobiltzeko. Hiru puntuak lortuz gero, gainera, berdeek ia ziurtatuta izango dute Euskal Ligako seigarren postuan bukatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!