«Txapelketarik garrantzitsuenetan lehiatzea gustatuko litzaidake etorkizunean»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

June Ruiz Belategi Espainiako Federazioak antolatutako lehiaketa batean.

June Ruiz Belategi (Hernani, 2008) nazioarte mailako txapelketetan ari da dagoeneko lehiatzen eskriman sable modalitatean. «Frantzian, Italian, Bulgarian... aritu naiz».

June Ruiz Belategi (Hernani, 2008) 9 urterekin Donostiako Pio Baroja kiroldegira joan zen ahizpa eskalatzen ikustera. Kiroldegiaren sarreran eskrimako kartel «erraldoi» bat ikusi zuen eta, Maialen Belategi eta Mañel Ruiz gurasoei kirol hori egin nahi zuela esan zien. Horrela hasi zen June Ruizen ibilbidea hain ezaguna ez den kirol honetan. 

Ordutik sei urte igaro dira eta garapen haundia izan du tiralari hernaniarrak. 2023an, 14 urterekin Euskal Herriko txapeldun izan zen absoluto mailan, Europan zehar lehiatu da eta pasa den otsailean Napolin (Italia) jokatu zen Europako Txapelketan aritu zen. «Hasieran jolas bat zen. Astean hiru ordu laurden egiten nituen eta beste kirol batzuekin uztartzen nuen. Beste kirolak uzten joan nintzen eta gustoa hartu nion. Orain bi urtetik serioago entrenatzen dut eta etorkizunean maila altuenean txapelketarik garrantzitsuenetan lehiatzea gustatuko litzaidake». 

Eskriman floretearekin, ezpatarekin edota sablearekin konpetitu daiteke. June Ruiz sablearekin aritzen da. «Normalean bakoitzak erabakitzen du edo klubak eskaintzen duen modalitatea egiten duzu. Pio Barojan, CD. Fortuna taldeak, sablea bakarrik lantzen du. Helduagoek ezpata ere egiten dute, baina oso gutxik. Badaude hiru armak eskaintzen dituzten klubak, baina ez da Fortunaren kasua. Modalitate ezberdinak egin daitezke, baina ez da ohikoena. Teknikoki ezberdintasun haundiak daude eta ez da normala bat baino gehiagotan lehiatzea». 

Infantil mailatik Espainian zehar hasten dira tiratzaileak lehiatzen. «Euskal Herrian talde gutxi daude, Gipuzkoan hiru, eta Bizkaian eta Nafarroan gehienak ezpatarenak dira. Euskal Herrian ez dago behe mailako konpetiziorik, denak absolutoak dira. Beraz, nire mailan, oraingoz kadeteetan, lehiatzeko asko bidaiatu behar izaten dut Espainiako zirkuituan».  

 

«Europako Txapelketako esperientzia ederra izan zen»

Nazioarte mailan 13-14 urterekin hasi zen lehiatzen kirolari hernaniarra «kuarentena eta gero». Pasa den otsailean lehendabiziko aldiz lehiatu zen Napolin Europako Txapelketan. «Konpetizioaren aldetik ez zen hoberena izan, ez bainitzen gustora atera lehiatik, baina esperientzi ederra izan zen». 

Bertan partehartzeko sailkatu behar izaten da Europako zirkuition lortutako puntuen bidez. «Espainiako lau kadete onenak lortzen dute txartela. Horretarako Europako lehiaketetan zehar lortu behar dira puntuak eta Espainia mailan ranking bat osatzen da». 

Europan zehar asko bidaiatu du herrialde ezberdinetara. «Bulgarian, Errrumanian, Italian, Frantzian... federazioak erabakitzen du zein txapelketek puntuatzen duten eta horren arabera lehiatzen gara leku batean edo bestean. Federazioaren arabera puntuagarriak diren horietara joan behar izaten da bai edo bai. Horrek emaitzen presioa ere badakar». Saudi Arabiarreko Munduko Txapelketarako sailkapenetik ere gertu geratu zen. «Hiru sailkatzen dira Espainiatik eta laugarren postuan nago rankingean».

 

«Frantziako eta Espainiako Txapelketan lehiatuko naiz datozen bi asteetan»

June Ruizek urte osoan zehar ditu txapelketak uztailean eta abuztuan izan ezik. «Irailean hasten dira lehendabiziko txapelketak, baina aurredenboraldia abuztuan hasten dugu». Hemendik bi aste barru hasiko dira Espainiako Txapelketak 17 urtez azpikoen mailan, Sorian, eta ekainaren 8an Madrilen, absoluto mailakoak. «Jubenilenak izan ziren. Txapelketa garrantzitsuak dira eta kadete txapelketan izango naiz. Absolutoko deialdia oraindik ez da irten». Aurretik, Frantziako Txapelketan partehartuko du Bretañan. «Pau taldearekin noa, laugarren kadete bat behar zuten».

Gurasoentzat abentura bat omen da eta sakrifikatua denentzat ere bai. «Asteburu askotan ez dugu June ikusten. Denbora asko kentzen du familiarekin, lagunekin egon gabe» dio Mañel Ruiz aitak.

Jatorri espainiarra duen kirol olinpiko bakarra da

Tradizio haundiagoa dago Errusia, Frantzia, Italia edo Hungrian. Joko Olinpiko moderno guztietan egon diren lau kiroletako bat da.

Jatorri espaniarra duen kirol olinpiko bakarra da. Hala ere, beste herrialde batzuetan gehiago hedatu zen, eta tradizio haundiagoa dago Frantzia, Italia, Errusia edo Hungrian. Joko Olinpiko moderno guztietan egon diren lau kiroletako bat da. Hizkuntza ofiziala frantsesa da, eta arauak ezartzen dituen nazioarteko organismoa Fédération International d’Escrime (FIE) da (hala eta guztiz ere, herrialde bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du nazio-barruko probetan), nazioarteko proba denean, epaileek nahitaez frantsesa erabili behar baitute.

 

Floretea, ezpata eta sablea, hiru modalitate

Eskriman hiru modalitate daude (floretea, ezpata, sablea) eta taldeka edota banaka lehiatzen da.

Floretea ezpata arin gisa sortu zen, dueluetarako trebaketetan aritzeko erabiltzen zena. Gaur egungo eskrima-kirolean araudirik konplexuenetarikoa dauka. Honen arabera, puntarekin baino ezin da jo aurkariaren enborraldean. Berezitasuna lehentasunean datza: orokorrean, biek jotzen dutenean, erasoa lehenago hasi duenak irabaziko du puntua. Erasoak enborretik kanpo jotzen badu (adib. besoan), ez da punturik eskuratuko, baina ez du lehentasuna galtzen; hau da, erasoak balio ez duen lekuan jota eta kontraerasoak (lehentasunik gabekoa) enborrean ematen badu, ez zaio ez batari ez besteari punturik emango.

Ezpata dueluen antz gehien duen eskrima modalitatea dugu. Floretea bezala, puntadun arma da, baina honetan gorputz osoan jo daiteke, eta ez dago inolako lehentasunik; bi tiratzaileek aldi berean jotzen badute biek eskuratuko dute puntu bana. Hiru armen artean pisutsuena dugu (750 g), eta eskubabesa floretearena baino nabarmenki handiagoa da, oraingoan eskua ere jomuga da eta. Oro har, ezpata bidezko borrokaldiak geldoagoak izaten dira, lehentasun ezagatik datorrena, aurkariaren akatsa itxarotea estrategia oso erabilia baita. Hortaz ezpata bidezko ekitaldiak ez dira, normalean, horren intentsoak fisikoki, baina taktikoki landuagoak dira.

Sablea floretea bezain arina da (500 g). Jomuga gerritik gorakoa da eta bai puntarekin zein sorbatzarekin jo daiteke, hau da, sablearen aho osoarekin. Floretean bezala, lehentasuna hartzen da kontuan, baina jokalariak kolperen bat gerritik behera jotzen badu (jomugatik kanpo), makina elektrikoak ez du erregistratuko eta huts eginiko eraso gisa hartuko da. Hiruretan azkarrena da, eta hauxe dela eta araudian pare bat bitxikeria ditu: moteltzeko asmoarekin, aurrerapausoetan debekatua dago hankak gurutzatzea, kirolariek erasoaren lehentasuna lortu nahian korrika egin ez dezaten. Horren arina izatearren ez da denbora neurtzen beste bietan bezala, eta 15 punturainoko borrokaldietan minutu bateko atsedenaldia uzten da (floretean eta ezpatan 3 minutu eta gero lortzen dena), bietariko batek 8 puntu eskuratzean ematen zaie tiratzaileei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!