14 urtez azpikoen finala eta 16 urtez azpikoen semifinala, Landaren gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Gipuzkoako finala jokatuko dute 14 urtez azpikoek. Argazkia: Hernani CRE

Gipuzkoako finala jokatuko dute gaztetxoenek, eta Euskadiko semifinala 16 urtez azpikoek.

Errugbi talde gazteen jardunaldi polita izango da gaur goizean Landaren. Izan ere, partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte 14 eta 16 urtez azpikoen talde hernaniarrek, 11:00etatik aurrera.

Ordu horretan hasita, Gipuzkoako Ligaren finala jokatuko dute 14 urtez azpikoek. Hernanik Bera Bera izango du kontrario, denboraldi politari errematea jartzeko. Gaurkoan irabaziz gero, Euskadiko Txapelketa jokatzeko sailkatuko dira, Arabako eta Bizkaiako irabazleen kontra, triangular batean.

Segidan, eguerdiko 12:30etan, 16 urtez azpikoen txanda izango da. Euskadiko Ligaren finalerdietan, joaneko partidua jokatuko du Hernanik Landaren, Getxoren kontra. Bueltakoa datorren larunbatean izango da, Getxon, 14:45etan. Horri begira, trikoloreek ahalik eta emaitza onena lortu nahi dute etxean.

Bestalde, Landaren bertan, topaketa izango du Hernaniko talde barneratzaileak bihar. Eguerdiko 12:00etan jokatuko dute, eta Getxo izango dute aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!