75 m2-ko murala ari dira margotzen skateparke ondoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Zorione Mendez eta Irune Izquierdo artistek gidatzen dute proiektua, Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkarteak bultzatuta.

Pana parkeko skatepark ondoko paretean 75 metro karratuko mural bat margotzen hasi ziren ostegunean Zorione Mendez eta Irune Izquierdo artistak, Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkarteak bultzatuta. «Koloretsua izango da eta eguraldiak laguntzen baldin badu biharko amaituta egotea espero dugu», aipatzen du Zorione Mendezek. 

«Pasa den urtean Intxaurrondon dagoen Abegi Harrera Etxean mural kolektibo batean parte-hartzeko gonbidapena jaso nuen», dio Mendezek. Ikaskide izan zuen Irune Izquierdo proiektuan sartu zuen eta urtebete ondoren Zabalduzetik iritsi zaie bigarren aukera bat Hernanin mural kolektibo baten margoketan murgiltzeko. 

Logistikarekin dabiltza Zorione Mendez eta Zabalduzeko kideak. «Irune eta biok bozeto bat egin dugu ordenagailuan, eta arlo grafikoa ari da lantzen Irune», nabarmendu du Zorionek. Biak ostiralean izan ziren skatepark ondoan dauden eskaileretako pareteko murala margotzen. «Ostegunean zuriz margotu genuen». 

Proiektua hiru lekutan gauzatuko da eta Hernanikoa da horietako bat. «Hiru mural, hiru leku izan dira hautatuak. Zabalduzek hamar urte bete ditu eta egoitzak dituen hiru herrietan; Segura, Hernani eta Donostian margotuko dira lanak».  

Muralean lantzen ari diren gaiak balore etikoak aniztasunari, errespetua eta justizia soziala dira. «Hori oinarri hartuta, elkarlanean, aurkeztutako bozetoa Zabalduzeko kideei gustatu zitzaien».

Margoketa kolektiboa izanik, artistak Zabalduzekoekin batera arituko dira murala osatzen. «Zabalduzeko bidelagunak hasi ziren margotzen zuriz ostegunean, gazteekin eta helduekin elkarlanean». Hernaniko muralean ari dira margotzen, «heldu aroari igarotzeko akonpainamendu programako partehartzaileak, tutelatuak edo tutelatuak izan diren neska-mutilak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean dauden edo egon diren nerabeak, eta nahi ez den bakardadea duten helduak». Atzo izan ziren Hernanin margotzen Irune eta Zorione, kolektibo horietako jende ezberdinarekin. Gaur eta bihar Zorionek errepikatuko du, Zabalduzeko langileekin eta gazte, zein helduekin.    

Zabalduz, babesgabetasun eta gizarte bazterketa egoeran daudenekin lanean

Zabalduz 2014garren urtean sortu zen. 2012an UBA adingabeentzako Harrera Egoitzako langile talde batek «lankidetza proiektu bat hasi genuen Agintzarirekin, garapen komunitarioaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta ikuspegia partekatuz. 2014ean, Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkarte mistoa eratu genuen».

Urteak daramatzate babesgabetasun eta gizarte bazterketa egoeran dauden nerabe eta gazteekin esku hartze sozialaren esparruan lanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Babes eta Inklusio sareko hainbat errekurtso erresidentzial (larrialdiko egoitza, emantzipazio eta inklusio pisuak, egoitzak…) kudeatzen ditugu. Horrez gain, esku hartze komunitarioaren eta inklusio soziolaboralaren esparruan ere, beste hainbat proiektu berritzaile dituzte eskuartean.

«Aktiboki dihardugu sareetan eta gure balioak partekatzen dituzten hurbileko erakundeekin lankidetza berriak sortzen». Zabalduz kooperatiba Elkarteak Bogan eta kooperatiba mugimenduko Olatukoop zein Erkide sareetan parte hartzen du.

Zabalduzen misioa da esku hartze sozialaren ereduaren aldaketa sustatzea, «pertsonaren errespetua eta ongizatea eta bere bizitza kalitatea lortzeko. Jarduera ekologiko, jasangarri, garden eta hurbila eta komunitateari lotutakoa bilatzen dugu. Zabalduz Kooperatiba Elkartea nazionalitate eta kultura desberdinetako pertsonek osatzen dugu, eta konpromiso sozialak elkartzen gaitu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!