Dantzari Txikien Egunak emango dio amaiera gaur arratsaldean 26. Dantzari Aste arrakastatsuari

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Pasa den urtean Atsegindegin izan zen azken ekitaldia, baina aurten ez dirudi euririk egingo duenik.

17:00etan irtengo dira, bailarako bost talde, erdiguneko kaleetan zehar emanaldia eskaintzeko eta ondoren denek elkarrekin dantzatuko dituzte fandangoa eta arin-arina asteari amaiera emanez.

Pasa den asteburuan hasi zen 26garren Dantzari Asteari gaur emango zaio amaiera zenbait dantza ekitaldirekin. Besteak beste izango dira dantzari txikien irteera, dantza emanaldia, txalapartariak eta bertsolariak. Emanaldia 17:00etan hasiko da erdiguneko kaleetan zehar eta Jon Odriozola izango da ekitaldiaren aurkezlea. Euria egingo balu Atsegindegin izango da ekitaldia. Hala ere, gaurko eguraldi ona espero da eta ez dirudi Atsegindegira joan beharko denik.

Egape, Urnietako dantza taldea; Eskola, Donostiako dantza taldea; Astigar dantza taldea; Trebeska Donostiako dantza taldea; eta Ttarla Hernaniko dantza taldea izango dira kaleetan zehar dantzan arituko diren taldeak. Aurretik txalapartariek eta bertsolariek irekiko dute eguna. Ehun dantzari inguruk parte hartuko dute kalejiran.

Eta Dantzari Astea agurtzeko, Dantzari Txikien Egunean parte hartu duten dantza talde guztiak elkartuko dira Plazan Fandangoa eta Arin-arina dantzatzeko asmoz. Azken ekitaldi honekin amaituko da astea eta datorren urteari begira jarriko dira San Joan Konpartsako kideak 27garren edizioa antolatzeko asmoz.

 

Beste behin ekitaldi jendetsuak izan dira denak

Dantzari Astea beste behin arrakastatsua izan da eta horretan eguraldiak asko lagundu du. Pasa den igandean ehundaka dantzari elkartu ziren Hernaniko kaleetan eta ondoren Plazan. 

Hurrengo egunean euskal jantzien erakusketa ireki zen eta atzora arte egon zen zabalik, euskal jantzien erakusketaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, Iraultza dantza taldearen eskutik. Biteriko erakusketa gelan daude jantziak ikusgai. Ostegunean, berriz, Khrome ezkontza, kolorearen inguruko euskal jantziak izan zituen hizpide Iraultza taldeko Ramon Garciak, Biterin.

San Joan Konpartsako kideak gustora daude asteak izan duen jarraipenarekin eta jendearen erantzunarekin. Horrek indarrak ematen dizkie aurrera begira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!