Ikasketa etenaldia deitu du Ikamak, Palestinari elkartasuna adierazteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 10a, 00:00

Astelehenean egingo dute etenaldia, goizeko 11:00etatik aurrera. Ikamatik bat egiteko deia egin diete ikasle guztiei.

Euskal Herriko ikastetxeetan eta unibertsitateetan ugaritu egin dira Palestinari elkartasuna adierazteko ekintzak. Mobilizazio horietara batzeko, ikasketa etenaldia deitu du Ikamak datorren astelehenerako. Goizeko 11:00etatik aurrera izango da etenaldia, eta Hernaniko Institutuan ere bat egingo dute deialdiarekin. 

Ikamatik adierazi dute «denbora gutxi» dagoen arren, horrelako egoera baten aurrean «erantzunak ematea» dagokiela ikasleei: «Rafah-n abiarazitako ofentsibak genozidioan sakontzea eragingo du sarraski izugarria suposatuz. Horregatik, ez ohiko deialdi hau egin eta etenaldi eskaera ahalik eta prozedura arinenarekin kudeatzea eskatzen dugu». 

Halaber, nabarmendu dute ikasleei dagokiela «ahotsa altxatu eta protagonistak izatea», ikasle mugimendua historikoki izan delako «eraldaketa eta emantzipazio prozesuen subjektu garrantzitsua». 

Deialdiarekin batera, Euskal Herriko ikasle guztiei egin die Ikamak protestetan parte hartzeko deia: «Isilik geratu eta beste alde batera begiratzea ez dira aukera bat. Euskal Herritik Palestinarekiko elkartasuna adierazten eta neurriak exijitzen jarraituko dugu, genozidioa amaitu eta Palestinar herria aitortua izan arte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!