Kontzertu bana eskainiko dute asteburu honetan Hernaniko Musika Bandak eta Gazte Bandak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 10a, 00:00

Kantu herrikoiekin osatu dute kantutegia Musika Bandako kideek.

Musika Bandaren kontzertua bihar izango da, 11:00etan, Sandiusterrin. Gazte Bandako kideak, berriz, igande eguerdian arituko dira, Bergako bandarekin batera, Udaletxeko arkupeetan.

Asteburu oparoa izango da Hernaniko Musika Bandako eta Gazte Bandako kideentzat. Kontzertu berezi bana eskainiko dute; Musika Bandak bihar egingo du emanaldia, eta igandean Gazte Bandak hartuko du lekukoa. 

Hernaniko Zaharren Egoitzan izango da Musika Bandaren kontzertua. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, eta bertako egoiliarrei, senideei, lagunei eta langileei «gertutasuna, goxotasuna eta errespetua» adierazteko prestatu dute emanaldia. Tolosako iñauteriko piezekin osatu dute kantutegia, eta garai batean Tilosetako dantzalekuan eskaintzen ziren abestiak ere tartekatuko dituzte.

Gazte Bandaren kontzertua ere oso berezia izango da. Izan ere, asteburu honetan Banda Gazteen Topaketa egingo dute Donostian. Bertako eta kanpoko banda ugari elkartuko dira bertan, eta kontzertu bateratuak eskainiko dituzte inguruko herrietan. Hernaniarrek, esaterako, Bartzelonako Berga herriko Banda del Conservatori dels Pirineus taldearekin egingo dute igandeko emanaldia. Eguerdiko 12:30etan hasiko da kontzertua, udaletxeko arkupeetan. 

Hernaniko kontzertuaz gain, Blue Band taldeak Astigarragako Kontxa Etxeberria plazan eskainiko du kontzertua, eguerdiko 12:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!