Urtero bezala, Goiz Eguzkin kale jolasen eta karten San Joan Txapelketak antolatu dituzte. Sariak ekainaren 26ean banatuko dituzte, ohi bezala. Horietan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, eta etzi arte dago horretarako epea. 5 euroko fidantza jarri behar da.
Karta jokoetan aritu nahi dutenek, mus txapelketa, tute txapelketa, eskoba txapelketa eta punttua dauzkate aukeran, beti ere gutxienez zortzi bikotek izena ematen badute.
Kale jolasak ere antolatuko ditu Goiz Eguzkik; hala nola, igel-toka, toka, botea, diana...
Joko bakoitzeko txapeldunari eta txapeldunordeari emango dio saria Goiz Eguzkik, San Joanetako ospakizunen barruan. Txapelketetan parte hartzera animatzeko deia luzatu diete herritar guztiei. Gainera, aurrerago emango du Goiz Eguzkik aurten San Joanak ondo ospatzeko antolatuko dituen beste jardueren berri. Hilabete eta erdi falta da festak hasteko.