Hernaniko Udalak IV. Berdintasun Plana onartu zuen astearteko Udal Plenoan. Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak eman zituen plan berriaren nondik norakoak, eta nabarmendu zuen «errealista eta egingarria» izateaz gain, «Udal sail guztien ardura partekatua» sustatzen duela.
Lekuonak azaldu zuen «paradigma feministatik» lan egiteko aukera ahalbidetuko duela planak, emakumeen ahalduntzea eta intersekzionalitatean sakontzea helburu hartuta: «Bestelako zapalkuntzek eta pribilegioek nola eragiten duten aintzat hartuta landu dugu plana».
Zehazki, bost lan ildo zehaztu dituzte plan berrian: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, gizarte antolaketa eraldatzea, indarkeria matxistarik gabeko herria eta zaintzaren antolaketa eraldatzailea.
93 ekintza, helburuak betetzeko
Planean zehaztutako 25 helburuak egikaritzeko, 93 ekintza proposatu ditu Hernaniko Udalak, baita horien jarraipena egiteko 18 adierazle ere. Aurreikusitako ekintzen artean, ondorengoak dira esanguratsuenak: Berdintasuneko Barne Plana lantzeko prozesua martxan jartzea; Kulturarteko Plaza Feministaren egitasmoa sendotzea izaera komunitarioan indarra jarriz; eta zaintza-eskubide kolektiboaren gaineko kontzientzia lana egitea eta etxeko langileei begirako arreta integrala ematea.
Aurreko planarekin pozik
Laugarren Berdintasun Plana aurkezteaz gain, Lekuonak adierazi zuen aurreko planaren betetze maila «oso altua» izan dela.