Euskal Herri osoko dantzariek hartuko dituzte gaur Hernaniko kaleak, Dantzari Asteko egun haundian

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 5a, 00:00

Gudarien plazan egingo dute ekitaldi nagusia.

25 musika eta dantza talde elkartuko ditu gaurko emanaldiak. Dantza saio nagusia 13:15etan hasiko da, Gudarien plazan.

Dantzariz eta musikariz beteko dira gaur Hernaniko Kaleak. 26. Dantzari Asteko egun haundietako bat izango da gaurkoa, eta Euskal Herriko 25 musika eta dantza taldek hartuko dute parte ekitaldian.

Goizeko 10:45etan hasiko da festa. Dantzari guztiak auzoz auzo ibiliko dira kalejiran, eta kolorez beteko dituzte herriko txoko guztiak. Euria egin ezkero, Biterin egingo dute dantza saioa.

Eguneko saio nagusia eguerdiko 13:15etan hasiko dute dantzariek, Gudarien plazan. Kasu honetan ez dira bakarrik arituko, laguntzeko prest izango baitira txalapartariak, bertsolariak eta irrintzilariak.

Goiza borobiltzeko, bazkaria egingo dute dantzariek eta musikariek, Atsegindegin. Arratsaldean, berriz, erromeria izango da.

 

Jarduera ugarik emango diote jarraipena gaurko egunari

Dantzari Asteak jarraipena izango du datozen egunetan. Bihar, esaterako, Euskal Janzkien Erakusketa jarriko dute ikusgai Biterin, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

 

XXVI. DANTZARI ASTEA

GAUR

10:45 Kalejira Hernaniko kaleetan zehar. Dantza ekitaldia Hernaniko auzo eta kaleetan zehar. (Euria egingo balu, Biterin egingo litzateke). Aurkezlea: Xabier Etxeberria.

13:15 Dantza emanaldia, Gudarien plazan. 

14:30 Bazkaria, Atsegindegin. Ondoren, erromeria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!