Asteartean bildu zen Hernaniko Udaleko Plenoa, apirileko deialdian. Onartu beharreko puntu guztiak aho batez onartu zituzten; horien artean, Hernaniko Berdintasunerako IV. Plana eta Hernaniko Udalaren eta Añarbeko Uren Mankomunitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren gehigarria.
Trafiko isun arinak arautzen dituen udal ordenantzaren moldaketa ere bozkagai jarri eta onartu zuten Plenoan. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, 80 eurotik 40ra jaitsiko da trafiko isun arinen oinarrizko tarifa. Hala ere, orain arteko %90eko deskontua bertan behera geratuko da, eta 20 eguneko epean ordaintzen duten herritarrei %50eko deskontua aplikatuko zaie.
Xabier Lertxundi alkateak arrazoitu zuen aldaketa proposamena: «Batetik, aurretik isunak ordaintzera behartzen zen kantitatea, 8 euro, ez da eraginkorra izan, eta eguneratzeko beharra zegoen. Halaber, ordaintzeko modua berezia zen, eta Udalari ezohiko prozedura bat mantentzeko beharra sortzen zion. Orain prozedura estandarizatu eta gainerako isunen kudeaketa sisteman sartuko ditu isun hauek ere».
Lizeagako bizilagunak, kexu
Eskarien eta galderen unean, Lizeaga auzoko bizilagunek hartu zuten hitza. Auzoko txokoen egoera txarraz hitz egin zuten, eta erantzun bat eskatu zieten udal ordezkariei. Alkateak azaldu zuen proposamen zehatz bat lantzen ari direla une honetan, eta laster jarriko direla bizilagunekin eta auzo elkartearekin harremanetan.