Omenaldi ederra egin zioten Mendiriz Mendiko kideek Txe Zuzari, lehendakari modura egindako lana eskertzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 30a, 00:00

Jende ugari animatu zen igandeko mendi irteerara.

Besabitik Adarrara igo ziren goizean, eta eguerdian Akarregi sagardotegiko kupelen artean egin zioten omenaldia Zuzari. Igande honetan gaztetxoen irteera antolatu du Mendiriz Mendik.

26 urteko ibilbidearen ondoren, Mendiriz Mendiko lehendakaritzaren lekukoa pasa dio Txe Zuzak Santos Gainzeraini. Zuzak zuzendaritza taldean jarraituko du, baina orain arte egindako lana eskertzeko omenaldia egin zioten igandean, Akarregi sagardotegian.  

Egun berezia izan zen Mendiriz Mendiko kide guztientzat. Goizean ibilaldia antolatu zuten; Besabitik Adarrara igo ziren Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena ospatzeko, eta eguraldia lagun, herritar ugari animatu ziren ibilaldira.

Kirol saioa eginda, Akarregi sagardotegian jarri zuten hitzordua eguerdian, bazkari baten bueltan elkartzeko. Hori baliatuta, azken 26 urteetan egindako lana eskertu zioten Txe Zuzari, eta omenaldi ederra eskaini zioten bertaratutako 115 lagunek. 

Mahaiaren bueltan gustura igaro zuten arratsaldea, eta festa giroan borobildu zuten Zuzaren omenaldia.  

 

Gaztetxoen irteera egingo dute igande honetan

Mendiriz Mendik antolatutako jarduerek ez dute etenik. Igande honetan bertan, maiatzaren 5ean, gaztetxoen irteera prestatu dute. Aizarnatik Santa Engrazira joango dira oraingoan, zailtasun berezirik gabeko 6,5 kilometroko ibilbide zirkularra osatuta. Biteri kultur etxean jarri dute hitzordua, goizeko 09:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!