Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak, Berdintasun Kontseiluarekin eta Hiruki Larroxa kooperatibarekin elkarlanean, 'Armairutik plazara!' izeneko unitate didaktikoak sortu ditu. Bertan, sexu aniztasuna eta tokiko LGTB+ errealitateak landu dituzte, «armairuan itzalpean egon diren edo dauden errealitate sexualak plazara ateratzeko».
Udaletik nabarmendu dute ezinbestekoa dela sexu aniztasunari behar duen arreta eskaintzea «jazarpen, eraso eta indarkeria adierazpen guztiekin bukatzeko». Unitate didaktikoak 2021ean argitaratutako 'Noiz bukatzen da armairua? Hernaniko azken 50 urteko LGBT memoria' lanean oinarrituta daude: «Herri askeago eta bidezkoago baten bidean gure herriaren memorian sakondu nahi dugu, beren gorputza jarri duten emakume eta disidente sexual guztiak aitortuz».
Guztira, DBHn eta batxilergoan erabiltzeko sei unitate didaktiko sortu dituzte. Lanketa horren ardura Hiruki Larroxa kooperatibako kideena izan da, eta unitate bakoitzak gai bat lantzen du: gorputza(k), identitatea(k), desira(k), justizia soziala, ahalduntzea eta memoria.
Hausnarketa kritikoa sustatzea helburu
Unitate didaktikoen helburua ikasleen hausnarketa kritikoa sustatzea da. Horretarako, zenbait jarduera proposatzen dituzte bertan, esku hartze aktiboarekin lotutakoak: «Sexu aniztasuna eta genero parekidetasuna lantze aldera, tratu onen defentsa eta justizia soziala sustatzen dituzten jarrerak eta jokabideak bultzatzea eta garatzea, parte hartzea, elkartasuna eta lankidetza eragiten dituzten jarduerak garatuz», azaldu dute.
Udaletik jakinarazi dute interesatuta dauden hezitzaile guztien eskura jarri dutela material guztia; Hernaniko zein Hernanitik kanpoko ikastetxeetarako. Horrez gain, informazio sakonagoa edo formakuntza nahi dutenek Hiruki Larroxarekin hitz egiteko aukera dute info@hirukilarroxa.eus helbidearen bidez.
'Armairutik plazara!' egitasmoa amaitzeko, dokumental bat prestatzen ari dira.