Hernaniko neska jubenilak azpitxapeldun izan dira Galizian jokatutako Espainiako Batel Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 30a, 00:00

Asier Ocon entrenatzailea, balentria lortu duten arraunlari eta patroiarekin.

Zilarrezko domina leporatu zuten Araitz Iturrietak, Eider Elosegik, Intza Arregik eta Olaz Pagolak, Naia Peñagarikano patroiaren gidaritzapean, Robaleiraren atzetik.

Hernani Arraun Elkarteko neskek zilarrezko domina lortu zuten igandean, Espainiako Batel Txapelketan. Galiziako A Pobra do Caramiñal herrian jokatu ziren txapelketak, eta Araitz Iturrieta, Eider Elosegi, Intza Arregi eta Olaz Pagolak, Naia Peñagarikano patroiaren gidaritzapean, azpitxapeldun geratu ziren Robaleiraren atzetik. Balentria lortu dute hernaniarrek. Astetik astera hobetzen joan dira eta aurreko urteetan infantil eta kadete mailetan emaitza ikusgarriak lortu eta gero, orain jubeniletan lortu dituzte emaitza bikainak, lehendabiziko urteak izanda. 

Hernaniko Arraun Elkarteko batelak bere txanda irabazi zuen larunbatean eta finalerako txartela lortu zuten. Helburua lortuta eta ezer galtzekorik gabe, igandean maila hobetu zuten eta estropada ikusgarria egin zuten. 

Robaleira, Tolosaldea, Camargo eta Planchada izan zituzten aurkari. Estropada erdian hirugarren postuan eman zuten bigarren ziaboga hernaniarrek. Aurretik Robaleira eta Camargo batelen arteko lehia estua zen. Hirugarren ziabogan Robaleirak ihes egin zuen eta Hernani Camargoren pare jarri zen. Azken luze bikaina egin zuten hernaniarrek eta Camargo gainditu zuten, bigarren postua eskuratuz. 

Robaleirak 2.000 metroko ibilbidea 9:55.80ko denborarekin amaitu zuen. Hernaniren denbora 9:59.25 izan zen, eta ondoren sailkatu ziren: Camargo (10:00.62), Planchada (10:02.67) eta Tolosaldea (10:03.95).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!