Hernani hartu zuten txirrindulariek, bost urteren ondoren

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 30a, 00:00

Kategoria bakoitzeko onenak podiumean elkarrekin, larunbatean, Hernaniko txirrindularitza proban.

Gaztetxoen lasterketa jokatu zen larunbatean, eta kazkabarrak ere ez zuen itzali haien ilusioa eta gogoa.

2019an jokatu zuten, azkenekoz, gaztetxoen Hernaniko txirrindularitza proba, JOCC taldeak antolatuta. Pandemiak eten zuen bere bidea, baina bost urteren ondoren, indarberrituta bueltatu da lasterketa. Hain indarberrituta, euri jasa bortitzak eta kazkabarrak ere ez zuela itzali neska-mutilen ilusioa eta gogoa.

Larunbat arratsaldean jokatu zituzten eskola kiroleko lasterketak, benjamin, alebin eta infantil mailetan; eta herriko kaleak hartu zituzten berriro txirrindulari gaztetxoek. Urbieta kalean izan zuten irteera eta helmuga, eta Latsunbe Berri eta Elkano kaleetan barrena osatu zuten ibilbidea. Gazteenek, benjamin mailakoek, 1,5 kilometroko proba izan zuten; alebinek 4,5 kilometro egin zituzten; eta infantilek 9 kilometro, zirkuituari zortzi buelta emanda.

Horrela, aterkipean babestu ziren herritarrek, txirrindularien kemenaz gozatu ahal izan zuten arratsaldean, oso eguraldi petrala izan baitzuten. Hernaniko txirrindulariez gain, Astigarragatik, Donostiatik, Oiartzundik, Zarauztik eta Zumaiatik etorritako neska-mutilak aritu ziren lehian, oztopo guztiei aurre eginez. Gutxi batzuek eskuratu zuten garaikurra, baina denak izan ziren garaile.

JOCC txirrindularitza taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie lasterketa jokatzea posible egin zutenei: «Hernaniko Udalari, la­nean aritu ziren udaltzainei, eta JOCC taldeko bolondresei». Hernaniarrei ere eman dizkiete eskerrak, «sortutako zirkulazio arazoen aurrean erakutsi zuten pazientziagatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!