GRABNIko finalera sailkatu dira Irazustabarrena eta Eizmendi

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 30a, 00:00

Garazi Eizmendi eta Amaia Irazustabarrena, Maider Mendizabalekin batera.

30-22 irabazi zuten semifinala, Arabako Salanuevaren eta Ruiz de Azuaren kontra, larunbatean Iruñean.

Bi final nahikoa ez, eta hiru jokatuko ditu Amaia Irazustabarrena hernaniarrak, asteburu berean. Izan ere, berak eta Garazi Eizmendik GRABNIko semifinala irabazi zuen larunbatean, Iruñean. Gipuzkoa ordezkatuz, Arabako Salanueva eta Ruiz de Azua menderatu zituzten (30-22).

Ligaxkan galdu egin zuten haien kontrako partidua (18-30), baina buelta eman diote Irazustabarrenak eta Eizmendik oraingoan, eta finalean izango dira, Nafarroaren kontra. Larunbatean jokatuko dute finala.

Hernaniko bost palista, igandeko bi finaletan

GRABNIkoa jokatu ondoren, beste bi final izango ditu Amaia Ira­zustabarrenak igandean. Bate­tik, trinketeko Gipuzkoako Txa­pel­ketaren finala jokatuko du, paleta argentinarrarekin. Hernaniko bi bikote izango dira aurrez aurre final horretan, Donostiako Gaskan, arratsaldez: Irazustabarrena eta Miren Goikoetxea batetik, eta Izaskun Arrosagaray eta Ane Kerejeta bestetik.

Horren aurretik, Bilboko Bizkaia fron­toian jokatuko du beste finala, eguerdiko 12:00etan hasiko den jaialdian, Larruzko Pilotako Bizkaia Torneoan. Leire Galdosekin batera ariko da Irazustabarrena, Martinen eta Gorostiagaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!