Extremadurako jardunaldiak 30. edizioa beteko du larunbatean Atsegindegin ekitaldi bereziarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 29a, 00:00

Extremadurako produktuen erakusketa 10:00etan hasiko da eta eguerdian abesbatza eta dantza taldearen ekitaldia izango da.

Extremadurako jardunaldiak 2024 urteurren berezia biziko du. Aurten, 30. urteurrena ospatuko du eta Extremadurako kultura he­rrian zabaltzeko aukera paregabea izango da. Pasa den urtean itzuli zen ohiko hilabetera, maiatzera, eta bertan mantenduko dute aurten. Hain justu, larunbatean, maiatzaren 4an ospatuko dute jardunaldia Atsegindegiko estalpean. Donostiako Centro Cultural Ex­­tremeñok antolatzen du eta laguntzaileak dira Extremadurako Junta, Badajozeko Diputazioa eta Hernaniko Udala.

Larunbatean, Extremadurako za­pore eta usainak iritsiko zaizkie hernaniarrei. 10:00­etan hasita Atsegindegin, Extrema­du­rako jaki gastronomikoen fes­ta egon­go da; probatu, dastatu eta erosteko aukerarekin.

Postuak jarriko dituzte, ber­tako gastronomiarekin eta informazio turistikoarekin. Pintxoak eta ardoa ere izango dira aukeran. Goiz osoan egongo dira bertan, eta ondo girotuta, gainera. Musikak ez du etenik izango, Extrema­du­rako jotekin eta kantu tipikoekin, eta dantza ere ez da faltako.

Gainera, 13:00etan, ohiturari jarraituz Virgen de Guadalupe taldeko koru eta dantzariek emanaldia eskainiko dute Atsegindegin bertan Extremadurako jantzi tradizionalekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!