Oronan 6.111 pertsonak egiten dute lan eta 1.009 milioi euroko negozio zifra lortu du

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 29a, 00:00

Batzar Orokorra egin zen Orona Ideon pasa den ostiralean.

Europan sendotzeko bidean aurrera egin du, langile berriak sartuz, eta  %12,6 gehitu ditu salmentak aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

Oronak, Galarretako egoitzan egin zuen pasa den ostiralean Ohiko Batzar Orokorra. Hernanin kokatua dagoen kooperatiba, pertsonen mugikortasun bertikalerako soluzioen Europako bosgarren taldea da gaur egun. Orona Ideoko egoitza korporatiboan egindako topaketan, 2023ko kontuak onartu ziren eta kooperatibaren hurrengo urteetarako norabidea eta etorkizuneko gako nagusiak bateratu ziren.

Konpainiaren salmenten zifra 1.009 milioi eurokoa izan zen 2023an, aurreko ekitaldikoa baino %12,6 haundiagoa. Hori guztia hainbat gatazkek markatutako agertoki konplexu batean, eta ikuspegi sozioekonomikotik ziurgabetasunak daudenean. Oronak 6.111 pertsonari lana ematen amaitu zuen urtea, eta kopuru horrek gora egin du laugarren urtez jarraian.

Testuinguru zail horretan, Oronak hazkunde haundia izan du bere EBITDAn, 143 milioi eurora eraman baitu, aurreko ekitaldiak gaindituta, eta 2023ko inbertsioak 64,1 milioi eurokoak izan dira.

Kooperatibak, urtetik urtera gero eta konplexuagoa den testuinguru globalaren aurrean, «tinko jarraitzen du, etorkizuneko erronkei sendotasunez aurre egiteko proiektu sozioenpresarial sendo eta lehiakor bat taxutzen jarraitzeko asmoz», aipatu zuten kudeatzaileek batzarrean. 

Testuinguru horretan, «lehiakortasunak funtsezko rola izaten jarraituko du, gure pertsonek berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren alde egindako apustuarekin batera hartutako konpromisoari esker». Azkenik, Batzar Nagusiak bat egin zuen eta nabarmendu zuen «taldearen egokitzeko eta erantzuteko gaitasunari esker, eta giza taldearen ahaleginari esker, gai izan direla gero eta ingurune zorrotzagoan indartsu egiten gaituen ariketa benetan aparta burutzeko».

 

13 herrialdetan lantegiak inkorporazio berriekin

2023ko ekitaldia beste urrats bat izan da Orona Europan sendotzeko, Frantzian Loire Ascenseurs eta Automatismes Fermetures d 'acces, Herbehereetan M.E.S Liften, Erresuma Batuan Scotec Lifts, Alemanian AK Aufzüge eta Espainian Ascensores Valencia enpresak taldean sartu direlako.

2030erako helburua negozio zifra 1.200 milioi izatera iristea da eta 7.000 pertsonek bertan lan egitea.

 

Aurten Oronak 60 urte beteko ditu, eta Orona Ideok 10 urte

Aurten, kooperatibak Orona, S.Coop. sortu zenetik igaro diren 60 urteak ospatuko ditu. Hori dela eta, Oronako bazkideei zuzendutako ekitaldi instituzional bat eta jai-jardunaldi bat antolatu ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!