«Historiako emaitzarik onena lortu du Hernaniko EH Bilduk»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 28a, 00:00

EH Bilduk Hernanin mitina eskaini zuen hauteskunde kanpainan.

Alderdi abertzaleak pasa den igandeko hauteskundeen balorazioa egin du.

Gaur astebete Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak izan ziren eta Hernanin EH Bilduk erraz lortu zuen boto kopuru gehiena. Alderdi abertzaleak emaitza horien balorazioa egin du. Hauteskunde batzuetan inoizko boto kopururik haundiena jaso du EH Bilduk aurreko igandeko Eusko Legebiltzarreko bozetan. Aurretik, emaitza historikoak izan zituen koalizioak 2011ko Espainiako hauteskunde orokorretan, Amaiur markarekin (4.747 boto) eta 2019ko udal hauteskundeetan (4.631 boto). Oraingoan, ordea, bi horiek erraz gainditu ditu, eta, gainera, 5.000 botoren langa lortu du EH Bilduk, 5.035 boto-emaileren babesa lortuta.

Emaitzak, beraz, «historikotzat jo ditzakegu, eta, aurrera begira orain arte baino gogo, ilusio eta legitimitate gehiagorekin lanean jarraitzeko indarra eman digu hernaniarrengandik jaso dugun boto bakoitzak. Eskertu egin behar ditugu, bai botoa eman digutenak, eta baita, kanpainan lagundu eta lanean aritu diren kide eta militante guztiok. Halaber, gure esker ona ere hauteskunde egunean lanean aritu zineten artekari eta ahaldunei. Zuek gabe, ez zen posible izango, baina garbi geratu da: aldaketarako oinarria jartzen ari gara».

EH Bilduren hitzetan, «oraingoz Eusko Legebiltzarrean gobernatzeko adinako indarra ez dugu lortu, baina denbora kontua da egun hori ere iristea. Ziurtzat jo dezakegu, baina, zuen boto guztiak erabiliko ditugula Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko urratsak emateko eta politika aurrerakoiak eta ezkerrekoak egiteko. Jakin badakigu boto-emaile berriak izan ditugula azken hauteskunde hauetan, eta horiei ere hitz eman nahi diegu, aintzat hartuko ditugula, eta guregan jarri duten konfiantzari erantzuten saiatuko garela».

Ezker abertzaleko alderdiak eskerrak eman nahi dizkie botoa eman dietenei. «Milesker, Hernani. Laster izango dugu hautetsontziekin beste hitzordu bat, Europako Parlamentuko hauteskundeak izango baitira ekainaren 9an. Orduan ere zuen botoa jasoko dugulakoan. Laster arte!!!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!