Hernaniko gazteen errealitatea eta beharrak ezagutzeko inkesta martxan da

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 28a, 09:23

Aitor Lukas, zinegotzia, Aztikerreko teknikariak eta Maria Isasa, inkestagilea.

Euren iritzia ematera animatu ditu gazteak Udalak. Maiatzaren 10era arte egongo da erantzuteko aukera interneteko lotura bidez.

Nola bizi dira gaur egungo gazteak Hernanin? Zein behar dituzte? Zein kezka? Zein proiektu gustatuko litzaieke martxan jartzea? Hori guztia hobeto ezagutzeko, Udalak 16 eta 30 urte bitarteko Hernaniko gazteen diagnostikoa martxan jarri du. Lehenengo pausoa, herriko gazteen artean inkesta bat egitea izango da. Jadanik martxan dago eta maiatzaren 10era arte egongo da inkesta erantzuteko aukera. «Adin-tarte horretako herritarra baldin bazara, animatu nahi zaitugu inkestan parte hartzera, informazio oso beharrezkoa izango delako aurrera begirako politikak gazteen beharretatik abiatuta sortzeko», diote Udaleko arduradunek.

2014an egin zuen Hernaniko Udalak azken Gazte diagnosia. Hamar urte beranduago, azterketa berritu eta gaur egungo errealitatea ezagutzeko beharra sentitu du. Horregatik, gazte diagnosi bat osatzeko prozesua martxan jarri da Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzaz. Prozesuan, pauso desberdinak emango dira: gazteen egoerari buruzko beste iturrietako datuak aztertuko dira, udal barruan eta adituekin elkarrizketak egingo dira, inkesta bat egingo zaie herriko gazteei eta, amaitzeko, gazteengandik proposamenak eta ideiak jasotzeko saioak egingo dira.

 

Inkesta hamar minututan bete daiteke

Apirila bukaera eta maiatza hasiera bitartean, herriko gazteei inkesta egingo zaie. Hamar minututan betetzeko moduko galderak izango dira, gazteen errealitateaz eta iritziez galdetuko dutenak: herriaren balorazioa, bizi-kalitatea, lana eta ikasketak, etxebizitza, Udalaren zerbitzuen ezagutza eta balorazioa... Interneteko lotura ireki batetik zabalduko da inkesta eta herriko gazte talde bat ibiliko da lan horretan. Herriko hedabideen bidez eta sare sozialen bidez ere inkesta zabalduko da https://acortar.link/ZaeFob loturatik. 

Inkestan jasotako datuak estatistikoki ustiatuko dira eta hurrengo pausoetan landuko diren edukiak eta hartuko diren erabakiak bideratzeko ezinbestekoak izango dira.

Bukatzeko, «16 eta 30 urte bitarteko hernaniarrak animatu nahi ditugu inkesta erantzutera, guztion onerako izango baita zuen iritzia ezagutzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!