Atzo arratsaldean egin zuten X. Bota Bertsoa lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Urteurren borobila giro ederrean ospatu zuten Dobera Euskara Elkarteko kideek, eta sariak banatzeaz gain Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolarien saioaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Lehiaketari dagokionez, bertso bereziak izan ziren saritutako ale guztiak; onak eta hobeak. Ekitaldian izan ziren saritu gehienak, eta sagardotegi giroan sortutako bertso ederrei esker sagardotegira itzultzeko aukera izango dute gehienek.
Hona hemen saritutako zenbait bertso:
BERTSO ONENAREN SARIA
EGILEA: KEPA MAIZ
Upeleko ziritik
sagardo jario
zorioneko sagar
usaina dario,
momentuan gozatu
ze erremedio
txinpartaren legeak
horrelaxe dio;
gerorako bizitzak
ez digu balio!
POETIKOENARI SARIA
EGILEA: IMANOL ZULUAGA
Aintzinako garaitik
fruta sakratua
Dolarean txikitu
eta zanpatua
Patsak emandakoa
kupelan sartua
Txotxak eragingo du
gero bekatua
Oraina disfrutatu
ateraz zukua
GAZTETXOENARI SARIA
EGILEA: ENARA LABURU
Ni Enara naiz eta
dauzkat zortzi urte,
zaharragoa bazera
esan nahi nizuke:
biharkoek gaurkoa
bere esku dute
eta gaurkoek hori
ere ez dezute
EGI ENPIRIKOEN SARIA
EGILEA: SARASOLA SANTA CRUZ
Gaur gaurkua indeu ta
atzo atzokua
bihar biharkua ta
etzi etzikua
etzi damu izangoa
astelehenekua
ea irabazten deun
lehiaketakua
SAKONTASUN SARIA
EGILEA: AITZOL ITURBE
Nahiz ta batzuek esaten duten
“jo bizitzari ordago
bizi ahal banaiz bete betea
kontsumituaz oparo”
denok horrela pentsatuz gero,
alternatiba akabo
Nik nahiago dut pistoia jetsi
ta egokitu zeharo
biharra gaurtik eraikitzea
beste biderik ez dago