«Interesatzen zaigu herritarren kontzientzia piztea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Sagarretako kideak Erribera txiki inguruan egindako zuhaitz landaketan.

Sagarreta Natur Taldeak bi urte daramatza lanean, eta bioaniztasunarekin lotutako proiektu ugari jarri dituzte martxan.

Nola azalduko zenukete zer den Sagarreta zuen hitzetan?

Natur talde bat gara. Duela pare bat urte hasi ginen elkartzen interes edo kezka berdintsuak genituen pertsonak, eta pixkanaka elkarte bat sortu dugu. Garai hartan Hernanin eta Ereñotzun bi talde sortzen ari ziren, baina ikusi genuen bailarako ikuspegia eman behar geniola, eta elkartzea erabaki genuen. Hasiera batean basoen egoera eta kudeaketari lotutako taldea zen, baina taldearekin kolaboratzen duen biologo batek gomendatu zigun helburua pixka bat zabaltzea. Orduantxe hasi ginen natura eta bioaniztasuna helburu modura aintzat hartzen. Bioaniztasunaz harago, azpiegitura handien auzia ere lantzen dugu, horiek sekulako eragina izan dezaketelako ekosisteman. 

 

Zeintzuk dira bailaran dauzkagun arazo nagusiak?

Basogintza politika da bat. Monolaborantza egiten ari dira, batez ere eukaliptoarena. Arrisku handia du horrek, zuhaitz horiek inbaditzaileak direlako, eta bertako ekosisteman sekulako kalteak sortzen dituztelako. Gainera, zuhaitz horien mozketak oso era bortitzean egiten dituzte, eta mendian sortzen duen inpaktua nabarmena izaten da. Ibaiarekin lotuta, egunerokoan ikusten dugu zein egoeratan dauden ibai ertzak; oso esplotatuta eta erabilita daude, eta ibaiak berak presio handia dauka. Horri gehitu behar zaio kutsadura, plastikoak, landare inbaditzaileak... Arazo asko pilatzen dira bertan. Hori naturako elementuekin lotuta. Horrez gain, makroproiektuen arazoa daukagu. Parke eoliko bat egiten denean, esaterako, dimentsioaren eta kokapenaren arabera sekulako eragin negatiboa sortu dezake inguruan. 

 

Sagarretatik garrantzi handia eman diozue kontzientziazioari. 

Hori da. Alderdi pedagogikoa lantzen ari gara. Herritarrekin eta herriko eskolekin elkarlanean aritu gara, eta asko interesatzen zaigu jendearen kontzientzia piztea. 

  

Eskolekin lanketak egin izan dituzue, ezta?

Daukagun proiektuetako bat da, bai. Hernaniko eskola guztietako ikasleak etorri ziren Burujabetzen Etxera, eta alderdi praktikoa zein teorikoa landu genituen. Hazitegian aritu ziren ikasleak, eta denbora baliatu genuen gure kezkak helarazteko. Asmoa da hemen dauzkagun hazi horiek zaindu eta gerora basoan landatzeko aukera izatea. 

 

Gainontzean, zer proiektu dauzkazue martxan?

Esan dugun modura, Iturolan bertan mintegi bat sortu dugu. Oso urbanoa da, baina aldi berean erosoa zaintzeko. Hazi mintegia sortzeko auzolanean egin ditugu prestaketa lanak, eta 3.000 hazi inguru landatu ditugu; horietako gehienak haritz kandugabearenak (Quercus petraea). Hernanin galtzear dagoen espeziea da, eta helburua da, dena ondo badoa, herritarrekin eta ikasleekin batera mendian landatzea. Ibaiaren kasuan, urtero erreka garbiketak egiten ditugu, eta horrekin jarraitzeko asmoa daukagu. Jarduera horrek, besteak beste, Erribera txiki deitzen diogun eremu bat ezagutzeko aukera eman digu. Floridako zubiaren azpialdean dagoen eremua da, eta bertan beste zenbait lanketa egin ditugu dagoeneko. 

Horiek dira martxan dauzkagun proiektuetako batzuk, eta beste zenbait hemendik gutxira jarriko ditugu martxan. Horrez gain, aipatutako gai guztiak lantzen ditugu hitzaldien eta informazio saioen bidez. 

 

Bioaniztasunaren arazoa ez da Hernanira mugatzen. Inguruko elkarteekin elkarlanean zabiltzate? 

Bai. Sare bat daukagu Baso Biziak izenekoa. Gure modura bioaniztasunarekin lotutako gai guztiak hartzen dituzte kontuan. Badakigu ingurumena ez dela konpartimendu estankoa, dena dagoelako erlazionatua. Inguruko beste talde batek zerbait antolatzen badu, gure taldeko kideak joaten dira ikastera. Esperientziak elkarbanatzen ari gara elkarrengandik ikasteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!