«Energia berriztagarrien instalazio partekatuak sortu eta sare bat osatzeko lanean gabiltza»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00
Enherkomen autokontsumo partekaturako lehen instalakuntza izan da Zubipekoa.

Berrehundik gora bazkide ditu Enerhkomek une honetan, eta, besteak beste, pobrezia energetikoari aurre egiteko helburua du, «sektorerik zaurgarrienak identifikatuz eta lagunduz».

Herritarren bizi kalitaterako oinarrizkoa den energia jasotzeko eskubidea bermatu nahi du Enherkom komunitateak, pobrezia energetikoari aurre egin eta trantsizio energetiko eta ekologiko justu bat bideratzeko. Bide horretan, Hernani Burujaberen baitan, 250 bazkide ditu dagoeneko Enherkomek, eta hiru funtzio nagusi ditu: batetik, energia berriztagarrien instalazio partekatuak sortu eta sare bat osatzeko lanean ari da; bestetik, energiaren aholkularitzarako bulego bat martxan du, herritarrek eta enpresek alor honetan dituzten zalantzei eta galderei erantzuteko, beti ere eraginkortasun energetikoa hobetu eta energia kontsumoa murrizteko xedearekin; eta azkenik, pobrezia energetikoari aurre egiteko helburua du, sektorerik zaurgarrienak identifikatu eta haiei laguntzeko. 

Herritarrak  Enherkom egiten ari denaz jabetzeko, komunitateko kideek eskuartean dituzten proiektuen nondik norakoak eman dituzte.

 

Energia plakak jarri zenituzten Zubipen. 87 etxebizitzetara iristen da plaka horien energia.  Proiektua nondik hasi zen? Zeintzuk ziren zuen helburuak?

Enherkomek zenbait helburu ditu, eta helburu horien baitan xede nagusiena da burujabetza energetikoaren esparrua Hernanira ekartzea. Helburua ez da instalazio berriztagarriak jartzea, baizik eta instalazioa erreminta bat dela ulertzea. Lortu nahi dugu burujabetza energetikoa, energiaren inguruko kontsumo arduratsu bat izatea, eta hori dena lortzeko instalazio berriztagarriak erabiltzen ditugu erreminta gisa. Adibidez, ez dauka zentzurik Zubipeko plaka horien energia erabiliko dutenek energia kontsumoa handitzea. Idealena izango litzateke energiaren onuradun diren horiek kontziente izatea zenbat ari diren gastatzen, zeintzuk diren gure kontsumo ohiturak eta horiek aldatzea. Horretarako energia berriztagarrien instalazioak beharrezkoak dira, baina nagusiki aipatutako helburua lortzeko. Euskal Herri osoan zehar plakak jarrita, gure kontsumo ohituretan ez badago aldaketarik, ez dugu hobekuntzarik egingo. 

Prozesuari dagokionez, Udalaren eraikin bat dela kontutan hartuta, hitzarmen bat sinatu dugu, eta bertan, Zubipeko eraikinaren erabileraren lagapena jasotzen da. Plaken instalakuntza, aldiz, Enherkomeko bazkideena da. Proiektuarekin hasi ginenean, zoritxarrez, bidean oztopoak jarri zizkiguten; esaterako, proiektatuta geneukan instalakuntza guk nahi baino txikiagoa egin behar izan genuen. Sarearen jabea denak, hau da, Iberdrolak, esan zigun sarea ez zegoela egokituta guk nahi genuen instalazio handia egiteko. Iberdrolak eskatzen zizkigun instalakuntza egiteko baldintza eta betebehar batzuk, eta guretzat ez zen bideragarria ekonomikoki. Beraz, planeatutakoa baino txikiagoa egin genuen.

Instalakuntza egiterako garaian, guretzat oso garrantzitsua da zeinek egiten duen kontutan hartzea. Izan ere, Enherkomen helburuetako bat da instalazio edota ekintzak herri mailan eta herritarrek egitea. Horregatik, instalazioa egiteko langileak azpikontratatu genituen irizpide batzuen baitan; Hernanikoa izatea eta proiektua euskaraz aurkeztea, esaterako. 

Esan daiteke, beraz, irizpide sozialak dituzuela lan egiterako garaian. 

Bai, hala da. Lan egingo dutenekin pertsonak kontratatzeko zein onuraduna nor izango den erabakitzeko erabiltzen ditugu irizpide horiek.

 

Aipatu duzun azken esaldiari tiraka, energiaren %20-25 egoera zaurgarrian dauden familiei 
bideratzen diozue, ezta? 

Hori da. Egia da ez daukagula baliabiderik jakiteko zenbat familia bizi diren Hernanin egoera zaurgarrian. Baina, oraingoz, Enherkomeko energiaren onuradunak dira, adibidez, etxebizitza sozialetan bizi diren herritarrak, edo AMHER elkarteko kide batzuk. 

Iberdrola bezalako beste enpresa handien konpetentzian sartu zarete. Zein da Enherkomen postura? Zer suposatzen du honek? 

Gure postura argia da: burujabetzen espiritua. Gaur egun, energiarekin lotutako erabakiak herritarrengandik oso urrun daude, eta hor dago Enherkomen paper garrantzitsua: hernaniarroi eragiten diguten erabaki horiek geroz eta gertuago egoteko ahalegina egitea. 

Energiaren mundu honetan, merkatu elektrikoa ez dago prestatuta gu bezalako proiektuak aurrera ateratzeko. Teknikoki eta burokratikoki guk nahi baino gehiago luzatu da, adibidez, Zubipeko instalazioa. Azkenean, ez da bakarrik plakak instalatzea, tramitazio burokratiko handia dago horren atzean, eta horrek asko moteltzen du prozesua. Esan bezala, gaur egungo merkatu elektrikoa ez dago prestatua Enherkom bezalako proiektuak aurrera eramateko.

Energia bulegoa ireki zenuten 2022an. Aholkularitza horretan, zeintzuk dira herritarren beharrak? Zertan laguntzen duzue? 

Ireki genuenetik iazko apirilera arte datu batzuk atera ditugu. Guztira, data horietan 500 kontsulta jaso ditugu. Azkenean, energia bulegoa irekita dago energiari lotutako edozein galdera edota zalantza erantzuteko; izan instalazioak, izan etxeko eraginkortasuna. Baina errealitatea izan da herritarren ehuneko handi bat (%90 inguru) etorri dela fakturekin galduta, edota hauei buruzko informazio bila. Guretzat garrantzitsua da faktura hauei irtenbide bat ematea, esan nahi dut, gutxiago ordaintzea. Baina, horrez gain, gure xedea da herritarrak ateratzea bulegotik ahaldunduta, energiaren inguruko oinarrizko kontzeptuak jakinda. Gerora begira ere baliagarria izateko energia bulegora etorri izana. 

Herritarren beharrak aseta orduan? Ematen duzuen zerbitzuarekin pozik daude? 

Bai, esango genuke baietz. Azkenean, Enherkomek behar bat ikusi zuen, eta Udalarekin kontrastatu zuen. Une honetan, herritarren beharrak asetzeko energia bulegoa ireki genuen. Uste dut oso harrera ona izan duela. 

Era berean, bulegoarekin lotuta, datu interesgarria iruditzen zaigu aipatzea emakume gehiago etorri direla gizonezkoak baino. Kontrastea dago, izan ere, datuei erreparatzen badiegu, Enherkomen gizonezkoak ari gara lanean, horrelako lan teknikoak gehiago daudelako lotuta gizonezkoekin. Baina etxeko fakturak zaintzarekin lotura dutenez, emakume gehiago etortzen dira energia bulegora. 

Horrez gain, identifikatu dugu energia bulegora etortzen direnen %80a 45 urtetik gorako herritarrak direla. Eta horregatik, gazteei gonbitea egin nahi diegu energia bulegora etortzeko edozein zalantza argitzera. Ez da fakturen inguruko aholkuak ematen dituen bulegoa bakarrik, energiaren inguruko edozein kontsulta egiteko etorri daitezke. 

Une honetan zertan zabiltzate? Epe laburrera begira, proiekturen bat eskuartean? 

Dagoeneko beste instalakuntza bat daukagu eginda, kasu honetan, enpresa pribatuen teilatuetan. Azkenean, Enherkomen helburua da, instalazio fotoboltaikoei dagokienez, Hernaniko teilatu gehienak modu komunitarioan ekoiztea. Horregatik, dei egiten diegu enpresei Enherkomekin kontaktuan jartzeko, modu komunitarioan lanketa bat egin dezaten.  

Enpresez gain, noski, herritarrentzat beti dauzkagu ateak irekita, eta bazkide egiteko aukera ere badagoela gogorarazi nahi dugu, 10 euroko ekarpen sinbolikoarekin. Beraz, herritarrei dei egiten diegu Enherkomen atea jotzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!