Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat. Ardatz estrategikoetako bat elikadura da, eta horretarako sortu da Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabea. Hernaniko lehenengo sektorea sustatzea eta ekoizpena handitzea da erronka nagusia eta horretarako elkarlana, nekazari berrien formazio eta akonpainamendua eta lur berrien eskuratzea dira lan-lerro nagusiak. Produktu horiei irteera emateko Herrilur elikadura kontsumo elkartea sortu zen, eta izen bereko denda jarri zuten martxan orain bi urte, Izpizua kaleko 13. zenbakian.
2023 urteak Herrilur dendaren kontsolidazioa ekarri zuen eta 2024an jadanik 145 bazkide dira. Eskaintzen duen produktuen aukera geroz eta handiagoa da. Elikagai horien horniduraz Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartea (Henase) arduratzen da.
Besteak beste, nekazari eskolaren lehen edizioa izan zen 2023an. Bazterketa egoeran dauden pertsonei formakuntza eskaini zitzaien. 29 pertsonek egin zuten formakuntzaren atalen bat, eta horietatik seik bukatu egin dute. Haietako lauk aurrez zehaztutako helburuak osorik bete dituzte, eta beste bik, partzialki. Bost ikaslek ordaindutako praktikak egin dituzte Henaseren etxaldeetan, eta batek lana lortu du geroztik. Beste bat Karabelekon hasi da lanean. Gainerakoek jarraitzen dute nekazaritzan eta abeltzaintzan profesionalki murgildu ahal izateko formakuntza garatzen.
Herrilurrek hiru langile ditu eta horietako bat Oihana Ariztegi da. Izpizua kaleko dendan jarduten dira lanean Amaia Fernández, Ibon Zapiain eta Oihana Ariztegi bera. Gainera, bigarren denda baten irekieraren berri eman behar da, Karabelekon izango dena. «Salmenta puntu berri bat izango da», aurreratu du Oihana Ariztegik. «Karabelekok duen denda Herrilurrek kudeatuko du». Maiatza aldera aurreikusten dute martxan jartzea. «Herrilur dendan eman ezin ditugun zerbitzuak ere bertan eskainiko ditugu. Beste produktu mota bat eskaintzeko aukera dago, beti ere bertakoa, eta Karabelekon ezin gertuagokoa. Henase barruan dago eta barazkiarekin gehiago lotutako eskaintza izango da, landareak eta kontserbak ere ez dira faltako».
«Herrian zer produktu dauzkagun ezagutarazteko eta nekazarien produktu horiek salmenta puntu bat izan dezaten sortu zen Herrilur»
Herrilur azken hiru urteetan Hernaniko elikadura kontsumo elkarteak egin duen lanaren emaitza da. Henase elkartearekin batera, Hernaniko nekazariek eta abeltzainek osatzen dute: «Gure helburua da Hernanin bertan ekoitzi, eraldatu, banatu eta kontsumitzea. Gure dendan, bertako produktuak daude eskuragai, barazki eta fruituak, kontserbak, esnekiak, haragia, ogia, gozoak, edariak eta garbiketarako produktuak, besteak beste».
Poliki, pauso garrantzitsuak eman dituzte azken bi urteetan, eta helburuetako bat proiektua herritarren artean geroz eta gehiago ezagutzea da: «Herrian zer produktu dauzkagun ezagutarazteko eta nekazarien produktu horiek salmenta puntu bat izan dezaten sortu zen Herrilur».
Ez da nolanahiko erronka aurretik dutena. Supermerkatu handiekin lehiatzea ez da erraza, baina indargune nabarmenak ditu Herrilurrek. «Saiatzen gara herritarrei ulertarazten bertako produktua osasuntsuagoa dela, eta horrek atzetik duen esanahia eta filosofia. Hernaniko nekazariak eta abeltzainak laguntzen dituzu».
Jendearen egoera ekonomikoaz baliatzen dira azalera handiko supermerkatuak, euren produktuak merkeagoak balira bezala salduz. Uste horrekin amaitu nahi du Herrilurrek. «Duela urtebete lanketa bat egin genuen prezioen alderaketa eginez, hipermerkatu haundietan aurkitu daitezkeen barazkien, fruituen prezioekin, eta ez dago apenas alderik. Gainera, produktu batzuk merkeago ditugu. Denda txikien eta handien prezioen artean alde gutxi dago».
Hernaniko produktuetan jartzen den irabazi marjina Herrilurren txikiagoa da. «Hori nahi dugu bultzatu, bertako produktuaren kontsumoa eta ekoizleak ere lagundu». Baserritik dendara dator produktua eta zuzenean kontsumitzailearengana doa, Herrilur da bitartekari bakarra. «Goizean etortzen da dendara baserritarra eta ezin baldin badu gu hurbiltzen gara baserrira».
Herrilur orain bi urte martxan jarri zenetik lan egin dute zerbitzu onena eskaintzeko, eta Oihana Ariztegik azpimarratzen duenez, lan horren emaitzak hasi dira azaleratzen: «Poliki doa. Ikusten dugu geroz eta jende gehiago datorrela erostera. Bezero berriak lortu ditugu, proiektuan interesa erakusten dutenak ere bai».
Horietako batzuk bazkide egin dira eta bazkide izateak dakartzan abantailen onuradun izan dira. «Proiektuan eta elkartean parte-hartze hori da abantaila nagusia, eta hori garrantzitsua da. Dendari begira erosketa bakoitzak %5eko deskontua izaten du. Bazkide izateko kuota bat ordaindu behar da, 60 euro urtean, eta bi zatitan kobratzen dira (urtarrilaren 30ean eta uztailaren 30ean). Talde eragileko erabakiguneetan parte-hartzeko aukera dute bazkideek, eta noski Hernani Burujabe proiektuko parte ere bada».
«Proiektua sendotzen ari da, baina bi urte oraindik denbora gutxi da. Jendeari ezagutaraztea
garrantzitsua da»
Proiektua herritar guztiei dago zabalduta eta gazteengana gehiago iristea da beste helburuetako bat. «Helduak etortzen dira, 30-35 urtetik gorako bezero eta bazkideak badira, eta hortik beherakoak egon arren, aurkitzea zailagoa da. Erosleak ez diren bazkideak ere baditugu, laguntza eskaintzen digutenak. Bazkide ez diren erosleak ere bai, noski».
Bi urtetan proiektua sendotze bidean dago oraindik eta erroak botatzen ari dira. «Animoak ez dira falta, zaila izaten da, baina poliki-poliki aurrera goaz. Talde eragileen artean eta langileen artean giro ona dago. Prest gaude lanean jarraitzeko».
Elikadurari dagokionean, badago sukaldaritzarekin lotuta paper garrantzitsua hartu duen egoitza: Bertatik Sukalde Zentrala. Herrilurrek Henase-ren eta Bertatik-en arteko zubi lana egiten du. Gero ere menu zerbitzuaren jasotze puntu bat Herrilur denda da. Hernani Burujabek irailean jarri zuen martxan Hernaniko Sukalde Zentrala, eta bertara eramaten dira Henaseko tokiko produktuak eta han eraldatzen dira. Sukalde zentrala, besteak beste, tuper zerbitzua eskaintzen hasi da: «Guztira, sei pertsona ari dira lanean sukalde zentrala kudeatzen duen Bertatik enpresan. Banaketa zerbitzua ere abian da, eta hor ere langile bat hasi da. Furgoneta isotermiko bat ere erosi dute, elikagai zerbitzu horretan baliatzeko».