«Korrontearen aurka doa Hernani Burujabe, egungo eredu indibidualistaren kontrakoa proposatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Ander Larretxea eta Itsaso Lekuona Burujabetzen Etxeko atarian.

Hiru urte beteko dira urrian Hernani Burujabe proiektua aurkeztu zutenetik. Ordutik, zortzi sektoretan jarri dituzte egitasmoak martxan, eta behin oinarriak finkatuta, «puntu interesgarri batera» iritsi direla diote Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko zinegotziak eta Ander Larretxea Bidea Herritar Taldeko kideak.

Hiru urteko ibilbidea egin du Hernani Burujabek. Zein da orain arteko irakurketa? 

ITSASO LEKUONA: Hasieran asmo bat besterik ez zen. Urrian beteko dira hiru urte aurkezpenetik, eta une honetan esan dezakegu errealitate bihurtu dela. Teoria eta bileretan aipatutakoak praktikara jaisteko aukera izan dugu, baina oraindik hastapenetan dago guztia. Hiru urte hauek oso aldakorrak izan dira, guztiz ezberdinak elkarrengandik, eta orain puntu interesgarri batera iritsi gara. Esan dezakegu orain abiatzen dela Hernani Burujabe; egitura montatuta dago eta martxan jartzeko garaia heldu da. 

ANDER LARRETXEA: Hernani Burujabe zer den azaltzeko momentuan lasaigarria da zenbait proiektu jada martxan edukitzea. Orain arte askoz ere teorikoagoa izan da guztia, eta orain errazago ikus daiteke ari dela martxa hartzen.  

Asmoa da herritarren erpina izatea Hernani Burujaberen indargunea. Zein da egoera?

A. L.: Ez da lan erraza, ohitura aldaketa bat eskatzen duen erpina delako. Zortzi pertsonako talde bat ari gara lanean, ez dago gaizki, baina egoera idealetik urruti gaude oraindik. Herritarren artean ohitura aldaketa sustatzen ari gara, erpin hori proiektuaren motorra izatea nahi dugulako. Auzoetako batzarrak ere, hein batean, helburu horrekin antolatu ditugu. 

Zer moduz funtzionatzen ari dira auzo batzarrak?

A. L.: Orokorrean, ondo. Inguruan nabaritzen dugu, lehenago ez bezala, jendeak sumatzen duela erabilgarria izan daitekeela. Zenbait bizilagunek auzoetako gabeziak konpontzeko aukera bat ikusi dute Hernani Burujaben. Aurrerapausoak hor daude, baina oraindik herritarren boteretzea eman behar da. Garrantzitsua da herritarrak boteretuta egotea Hernani Burujabe tresna modura erabiltzeko. 

I. L: Herritarrek parte hartzeko guneak ireki dira, orain behar dena da horiek benetan bere sentitzea eta erabiltzea. 

Eragile ekonomikoek eta Hernaniko Udalak osatzen dute triangelua. 

I. L: Hori da. Hiru erpinetan antzekoa da egoera: oinarriak jarri ditugu. Ekimen ekonomiko batzuk sortuta daude, eta martxa hartzen joan behar dute orain. Oso hasieran daude, baina badaude. Udalaren kasuan ere antzekoa da egoera. Udalari etxekolan asko egitea dagokio, egitura eta lan egiteko modua aldatzetik hasita. Hernani Burujabek lan egiteko modu batzuk aldarazi ditu, behartu gaitu beste praktika batzuk lantzera, baina hasi besterik ez gara egin. Gainera, oraindik muga asko dauzkagu Hernani Burujabek eskatzen duen logikan lan egin ahal izateko.  

Udalaren partetik, agerikoa da apustu argi bat egin dela Hernani Burujabe proiektuaren alde. Zergatik da garrantzitsua halako egitasmo bat garatzea herrian?

I. L: Guretzat lehengo legegintzaldi erdian abiatutako prozesua izan zen, baina oso argi geneukan legegintzaldia gainditu behar zuela. Logika aldaketa bat suposatzen du, borondate politikotik abiatzen direlako erabakiak. Berez burujabetza mahai batek hartutako erabakia ez da loteslea, baina Udalak konpromisoa hartu du aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Hernanin bageneukan esperientzia, beste kontseilu batzuekin antzeko prozedurak jarri izan ditugu martxan, eta horrek ere laguntzen du. Erakundea transatlantiko handi bat da eta guri dagokigu eraldatzeko urratsak ematea. Dena den, sakoneko aldaketak egiteke daude oraindik. 

Zer ereduren alternatiba da Hernani Burujabe? Zer da aldatu nahi dena?

A. L.: Sentsazioa da goazela galdu duguna berreskuratzera. Nahi duguna da guk edukitzea erabakitzeko gaitasuna edozein alorretan. Egungo sisteman dagoena onartzera behartuta gaudelako. 

I. L.: Aurkeztutako kanpainak ondo laburtzen du Hernani Burujaberen funtsa: negozioa bada, ez da eskubidea. Sistemak ez ditu herritarren beharrak bermatzen eta lehenesten. Merkatuaren logikatik ahalik eta gehien urrundu behar dugu, bide horretatik ez ditugulako herriarren oinarrizko beharrak aseko. Hein batean, korrontearen aurka doa Hernani Burujabe; oso eredu indibidualista du aurrean, eta gu kontrakoa proposatzen ari gara. Sustatu den logikaren aurka aritzea eskatzen du horrek. 

A. L.: Energiarena da adibide argienetako bat. Guk sortutako energiaren ehuneko jakin bat familia zaurgarriei bideratzea erabaki genuen. Hori guk erabaki dugu. Konpainia handi baten esku utziko bagenu ezezkoa izango zen erantzuna. 

Lehentasunak finkatzeko Burujabetzen Kontseilua sortu duzue aurten. 

A. L.: Bai. Aurten jarri dugu martxan Kontseilua, eta orain proba batzuk egiten ari gara.

I. L.: Orain artekoa sortze prozesua izan denez, sektore bakoitzak bere bidea egin du; bide desberdinak erritmo desberdinetan. Hori guztia bateratzeko beharra ikusi genuen, planifikazio bakar batean barnebiltzeko. Kontseiluan sektore guztietako eta hiru erpinetako kideak daude, eta lehentasunak markatzeko funtzioa du. 

Beste kontu bat da proiektuek elkarren artean uztartzeko duten aukera. Hori sustatzeko badago lanketa bat, ikusarazteko Hernani Burujaberen dimentsio ideologikoa. Ikusteko sektore baten burujabetza ezin dela ulertu bestearena gabe, zeharlerro asko gurutzatzen direlako. Garrantzitsua da hori ikusaraztea, balitekelako energia komunitatearen beharra lehenesten duen norbait ez konturatzea etxeetan ia esklabutzan ari diren zaintzaileak dauzkagula. 



 

Herriko eragileek garrantzi handia dute zuentzat, ezta?

I. L.: Bai, bai, ezinbestekoak dira. Amherreko kideekin, esaterako, zenbait lanketa jarri ditugu martxan proiektua euren inguruan sozializatzeko eta ulertarazteko. Ezinbesteko ikuspegiak eskaintzen dizkigute pertsona zaurgarriengana errealki iristeko. Euskalgintzaren kasuan ere nahiko naturala izan da elkarlana, ez duelako zentzurik Euskal Herrian elikadura burujabetzari buruz gazteleraz aritzeak. Elkar lotzen diren borrokak dira, eta batak bestea entzunez ikastea dagokigu.

Horrekin lotuta, Hernani Burujabeko proiektu guztiek izan behar dute gutxieneko oinarri bat. Oso ebidentea da zaintzaren bueltan emakumezkoak antolatu direla gehienbat, eta energiaren alorrean, berriz, gizonezkoak. Hori ezin dugu normalizatu eta proiektu guztiak zeharkatzen dituzten auziak etengabe lantzen jarraitu behar dugu. 

2023ko memorian azaldu zenuten proiektua ari dela lehen emaitzak ematen eta hernaniarren eguneroko bizitzan onurak ekartzen. Non eman dira aurrerapauso handienak?

A. L.: Proiektu indartsuenak energiaren, elikaduraren, monetaren eta zaintzaren arloetan sortu ditugu. Hala ere, ez da erraza emaitza ona zer den definitzea. Izan ere, beste alor batzuetan agian oraindik ez dugu emaitza fisikorik lortu, baina inguruan zerbait mugitzen hasi da, eta ez da gutxi. 

I. L.: Datu zehatzetatik harago, kontuan hartu behar da sortu duen eragina. Duela bi urte, adibidez, ezinezkoa zirudien merkatariek euren dendara itzuliko ez ziren hobariak eskaintzea. Pentsamendu aldaketa bat egon da; jada ez da norbere denda bakarrik, ingurukoekin sarea sortzea baizik. Udalarentzat askoz ere koherenteagoa da moneta baliatzea ekarpena egiteko, jarritako diru guztia Hernanin geratzen delako.

Egia da une honetan herritarrentzat tangibleagoak direla Hernani Burujaberen emaitzak, bertako ekoizleen produktuak erosteko toki bat dagoelako, bertan sortutako energia jasotzeko aukera dagoelako... Pauso handiak dira horiek. Hala ere, antolatzearen logika ulertzea ezinbestekoa da. Emaitza beste kontu bat da, neurtzeko modu ezberdinak daudelako. Garrantzitsua da beharrak identifikatzea eta gai horiek lehenengo aldiz jartzea herriko agenda politikoan. Horrela, merkatuaren logikatik ateratzeko tresnak sortzen jarraitzeko aukera izango dugu. 

Burujabetzaren alorrean dabilen jendearentzat erreferentea bihurtu da Hernani. Nola bizi duzue hori?

I. L.: Egia esan, arduratik. Eguneroko lanean gabeziak ikusten dituzu, eta beldur puntu bat ematen dizu kanpotik erreferente modura jartzeak. Askotan esaten dugu Hernanik badituela baldintzak horrelako prozesu bat abiatzeko, eta gainerako herriei balio badie hortik tiraka bidea egiten hasteko, hala bedi. Hernanik herri mugimendu potentea dauka, oinarri militante handia du, parte hartzera ohituta dagoen jende asko... Horrez gain, borondate politikoa ere badago, eta herriak tamaina aproposa du proiektua garatzeko. Kanpotik galdezka etortzen zaizkigunean ezinbestekoa da azaltzea aurretik dagoen ibilbidea, benetan jakin dezaten nola iritsi garen ona. Zaila baita ezerezetik horrelako prozesu bat abiaraztea. 

A. L.: Niri ere zaila egiten zait erreferente modura izendatzea. Ikusten dugu Hernani Burujabek martxa hartu duela, baina nire kasuan, herritar taldetik ikusten dut zenbat kostatzen den mugimendua sortzea. Aldi berean, edonori laguntzen badio, ongi etorria izango da. Izugarria izango litzateke inguruko herrietan honen aldeko apustu gehiago egiten hastea. 

Inguruan badira tankerako egitasmoak. Zer ikasi duzue horietatik? Elkar elikatzen dira proiektuak?

I. L.: Guk ez dugu ezer berririk asmatu. Lehenago bazeuden alor horietan lanean zebiltzan kooperatibak. Guk denak plan estrategiko bakarrean sartu ditugu elkar osatzeko eta egiteko modu bat herrian barneratzeko. Inguruko proiektuetatik asko ikasi dugu eta garrantzitsua da lortutakoa partekatzea. Argi daukagu honek ezin duela Hernanin bakarrik geratu, ez dauka zentzurik, eskalablea izan behar du esparru handiagoetara. 

Zeintzuk dira Hernani Burujaberen hurrengo erronkak?

A. L.: Herritar taldetik sarea sendotzen jarraitu nahi dugu. Burujabetzen egunetik sare bat osatzea lortu genuen, baina ez diogu jarraipenik eman. Interesgarria litzateke auzoetako lanketak ugariagoak izatea. 

I. L.: Oinarriak jarrita daude eta herritartze fasea behar du orain Hernani Burujabek. Jendeak bere egitea proiektua eta dinamika propioa hartzea. Horixe da erronka; ibili dadila eta ez dezala atzerapausorik eman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!