Bigarrenean ere ezin izan du Berria Txapelketako txapela jantzi Aitor Aiestaran hernaniarrak. Final gorabeheratsuan, galdu egin zuen atzo, Urtzi Gurrutxagarekin batera, Aimar Jabaleraren eta Joseba Goikoetxearen kontra. Bi set oso ezberdin eta emoziorik gabeko desenpatea izan zituen partiduak: 4-15, 15-12 eta 1-8. Harmailetan, gazte asko eta giro ederra.
Markagailuak agerian uzten duen bezalaxe, nabarmen nagusitu ziren Jabalera eta Goikoetxea aurreneko jokoan, bereziki aurrelariak markatutako erritmo biziarekin. Erantzun ezinik aritu ziren gorriak.
Bigarren jokorako, ordea, erabat aldatu zen lehia. Gurrutxaga eta Aiestaran izan ziren uneoro aurretik, partiduari neurria hartuta. Jabalerak min egiten zien oraindik, pelotari ematen dion abiadurarekin; baina hobeto eutsi zioten gorriek, defentsan meritu haundiko tantoak jokatuta. Errematean gehiago asmatu zuen Gurrutxagak, eta saketik hiru tanto lortu zituen Aiestaranek. Horrela, 5-3 eta 8-4 aurreratu ziren. Bi tantora gerturatu ziren urdinak (8-6), baina berriro egin zuten ihes (11-6). Sei tantoren aldea ere lortu zuten (13-7), baina Jabalerak jokoaren erritmoa markatuta, berriro gerturatu ziren urdinak (14-12). Doneztebarra bera izan zen, ordea, huts egin eta gorriei azkeneko tantoa eman ziena (15-12).
Horrela, zortzi tantora jokatu zuten txapela, desenpatean; eta aurreneko setaren dinamikara bueltatu zen finala orduan. Jabalera nagusi izan zen berriro, eta bigarren jokoan egin gabeko akatsak pilatu zituzten Gurrutxagak eta Aiestaranek. Haiek egin zuten desenpateko aurreneko tantoa, baina hortik aurrera zortzi tantoak segidan lortu zituzten urdinek (1-8).