Ostiralean zabaldu zuten Erdi Aroko Azoka Hernaniko Kaxkoan, eta atzo makina bat bisitari bildu ondoren, gaur ere izango dute aukera herritarrek, postuak ikusi eta azokaren bueltan prestatutako ikuskizun eta emanaldiez gozatzeko. Goizeko 11:00etan irekiko dituzte postuak, eta iluntzeko 20:30etan bukatuko da aurtengo azoka. Bitarte horretan, Al Maram taldearen musika eta dantza saioak izango dira egun osoan, Eulali ipuin kontalariaren eta Urna Ragnum taldeko borrokalarien saioak Plazan, Barzonia taldeko musikariak kalez kale, eta El Tinglaoren ikuskizunak ere bai. Zabalik egongo dira haurrentzako gunea eta artisau tailerrak ere.