Atez ateko sistemarekin zenbait eskaera Podemosek, EH Bilduri

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 19a, 00:00

Besteak beste ondorengoa eskatu du: «herritarrei galdetzea ea zenbateraino dauden pozik hiri-hondakinak biltzeko eta kudeatzeko sistemarekin».

Hernaniko Elkarrekin Podemosek 2024ko martxoko osoko bilkura ekarri du gogora, adieraziz ondorengo eskaera egin zutela: «herritarrei galdetu, ea zenbateraino dauden pozik hiri-hondakinak biltzeko eta kudeatzeko sistemarekin, hau da, atez ateko sistemarekin, eta herritarrek hobekuntzak egin ahal izateko prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea».

Alderdi moreak dio ez dela soilik berain taldeko eskaera bat «nahitaezko baldintza da 0 hondakinen herriaren ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko». Horrez gain, Podemosek azaldu du osoko bilkuran, EH Bilduko alkateordeak eta alkateak «datu okerrak ematea leporatu» ziotela. 

«Ustezko akats horietako bat Santa Barbarako harrobian lixibatuak agertzeari buruzkoa zen. Gure taldeak 2024ko urtarrilaren 29an Urak erregistratutako txostena baino ez du aipatzen. Eta hau gustatu ala ez gustatu, egia da», gaineratu du talde moreak. 

Beste datu «oker» bat ere mahaigaineratu du  Podemosek: «datu oker bat 0 Waste ziurtagiria mantentzeko bete beharrekoak diren baldintzetan omen dago. Egia da betekizun batzuk aukerakoak direla eta puntuatuak emateko besterik ez direla, baina gure taldeak aipatzen duena nahitaez bete beharrekoa da. Honela dio: Udalerriak herritarrei kontsulta egiten die erregularki zero hondakinen planaren diseinuari edo garapenari buruz (gutxienez urteko kontsulta bat), eta emaitzak erregularki jakinarazten ditu».

Ondoren, «nahitaez bete beharrekoa» dela dio Podemosek: «eta ez hautazkoa, EH Bilduko alkateordeak osoko bilkuran esan zuen bezala: Hernanik baldintza hori betetzen duela. Duela 14 urte egindako gogobetetze-inkesta batean eta Martindegin egindako azterlan batean oinarrituta». Horrenbestez, Elkarrekin Podemos alderdiak eskatzen du gogobetetze-inkesta hori 2024ra eguneratzea, «0 Waste erakundeak berak eskatzen duen bezala».

Talde moreak argi du 0 Waste ziurtagiria mantendu nahi badugu, txosten hori eginda egon beharko lukeela; eta ondorengoa gehitu du: «ez gara gu datu okerrak ematen ditugunak».

Ondorioz,  «munduko intentzio onenarekin» ondorengoa proposatu du Podemosek: «bai herriarentzat hobekuntzatzat jotzen duguna eta baita herritarren beharrak entzutea ere, eta ikusten dugu mozioa ez dela onartzen EH Bilduren kontrako botoarengatik, eta, gainera, datuak faltsutzea leporatzen digute, asmo ilunarekin... Zein asmo ilun? Herria garbiago egotea, hondakinak biltzeko zerbitzuan aldaketak daudenean behar bezala abisatzea edo paperontzi gehiago jartzea?».

Amaitzeko, ondorengo gonbitea luzatu du Podemosek: «herritarrak txosten horren edukiaz interesatzera eta ondorioz ateratzera animatu nahi ditugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!