Herri musika taldeen topaketa ospatuko dute gaur eta bihar, Hernanin eta Iruñean

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 19a, 00:00
Hernaniko Txilibita Fanfarrea taldearen argazkia.

Gaur arratsaldeko 18:30etan Hernaniko kaxkoan egingo dute kelajira herrikoia, eta bihar, hitzordua dute Iruñean, eguerdiko 12:00etan.

Mallorcako Es Reguinyol, Iruñeko Ortzadar, eta Hernaniko Txilibita Fanfarrea eta dultzaineroak herri musika taldeen topaketa ospatuko dute asteburuan. Gaur arratsaldeko 18:30etan, kalejira egingo dute Hernaniko Kaxkoan barrena, eta larunbatean Iruñeko txokoak zeharkatuko dituzte, eguerdiko 12:00etan hasita.

Topaketari 'Xeremies' izena jarri diote; izan ere, «Mallorcan jotzen den zahagidun gaitari Xeremies esaten zaio, xeremier gaita joleari. Ohikoa da uhartean flabiol i tamborí jotzailearekin 'colla' edo taldea osatzea (txistuaren pare, esku bakarreko gaita eta danbolina jotzen dituztenak)».

Hiru taldeak asteburu honetan elkartzeko parada izango dute, ohi dutenez, kalera atera nahi izan duten haien musika herritarrekin banatzera, Pepe Joan Martorellen, Mikel Lasarteren eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean. Gaur Hernanin dute hitzordua, eta bihar, berriz, Iruñean.

Taldeei buruz

Hernaniko Txilibita Fanfarrea eta dultzaineroek herri musika taldeen topaketa osatuko duten taldeen xehetasunak elkarbanatu dituzte: «Es Reguinyol taldea Muro herriko xeremierrek osatzen dute. Herriko eta inguruko festak alaituz, eskola sendoa osatu dute urte honetan. Iruñeako Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak, berriz, 50 urte bete ditu aurten. Mende erdian, erreferente bihurtu da taldea. Eta azkenik, Hernaniko Txilibita Fanfarrea Hernani Musika Eskola Publikoan sortu zen 2009an, euskal musika tradizionala lantzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!