Ez dute gauzatu etxegabetzea Andre Kaleko 2an, ez baita inor bertaratu

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 17a, 10:24

Kaleratzeak Stopeko kide bat, azalpenak ematen, behin etxegabetzearen ordua igarota.

Etxegabetzea gelditu nahian elkartu dira herritar ugari, Kaleratzeak Stopek eta Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak deituta; baina 10:00etarako ez dira agertu etxegabetzea gauzatu behar zutenak.

Ez da etxegabetzerik gauzatu, gaurkoan behintzat, Andre Kaleko bigarren atarian. Goizeko 10:00etarako zegoen aurreikusita, eta hori gelditu nahian, bertaratzeko deia egin diete Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak eta Kaleratzeak Stopek herritarrei. Halaxe gertatu da, eta 50 lagun baino gehiago elkartu dira atarian, ordubete lehenagotik, etxegabetzeen kontrako pankartekin. Haiek izan dira bertaratutako bakarrak, ordea: goizeko 10:00etarako ez dira agertu etxegabetzea gauzatu behar zutenak.

Ordua igarota, Kaleratzeak Stopeko ordezkariek bertaratuei jakinarazi diete, dagoeneko etxegabetzerik ezingo zutela gauzatu gaurko egunez, eta orain, izatekotan, beste hitzordu bat jarri beharko dutela horretarako. Zita berria jakin bezain pronto emango dute horren berri, etxegabetzea eteteko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!