Kerobia taldeak kontzertua eskainiko du etzi, ostiralez, Biteri kultur etxean. Gaueko 22:00etan hasita, 'Gora bizitza' diskoa aurkeztuko du, bere kantu enblematikoenekin eta kantu akustikoekin osatutako errepertorioa.
Ez da ohiko kontzertua izango, ikusentzuleak zutik egongo baitira Biteriko areto nagusian, harmailak gordeta. Hori horrela, 300 lagunentzako tokia izango da. Sarrerak eskuragarri daude, Biterin bertan eta kultura.hernani.eus webgunean, 8 euroan.
2001ean Iruñean sortua, bere ibilbideari amaiera eman zion pop-rock taldeak 2014an, baina oholtzara bueltatu zen duela hiru urte. 'Hilak' albuma kaleratu zuten aurrena, eta iazko martxoan 'Gora bizitza' singlea.
Bi sarrera bikoitz zozketan, Kronikakideen artean
Kerobiaren ostiraleko kontzerturako, bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu Kronikak, Kronikakideen artean. Horretarako, interesa duten Kronikakideek zozketan apuntatu behar dute, kronika.eus webguneko 'Kronikakide' atalean. Bihar gauera arte eman daiteke izena.