Nerabeen osasun mentalaz hitzaldia gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 17a, 00:00
Estibaliz Ansotegi psikologoak eskainiko du hitzaldia. Argazkia: Goiena

TREBA Gurasoak programaren baitan, hitzaldia eskainiko du gaur Estibaliz Ansotegi psikologoak, arratsaldeko 17:30etan Biterin. Programako azkeneko hitzaldia izango da, eta oraingoan nerabeen osasun mentala izango dute hizpide. Kezka sortu duen gaia da, azken urteetako datuek egoera kezkagarria erakutsi baitute: buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak izan ziren 15-29 urtekoen ospitalizazioen laugarren arrazoi nagusia 2021ean. Gaurko saioarekin, azpimarratu nahi dute egoera horiek gertatu aurreko prebentzio lanean familiak daukan garrantzia, eta sustatu nahi dute gaiarekiko sentsibilizazioa.

Hitzaldian, besteak beste, landuko dituzte nerabeen babeserako gakoak, ingurune seguru eta babesleak sortzeko moduak, seme-alaben hazkuntzan familiak duen babesteko zeregina, deserosotasuna, antsietatea eta jazarpen-egoerak detektatzeko eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa...

Hitzaldia doakoa izango da, baina bertaratu nahi dutenei, aldez aurretik izena ematea gomendatu diete, ondoko webgunean: labur.eus/trebagurasoak23.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!