Bizipoza Jaia ospatuko dute Hernanin, apirilaren 27an

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 17a, 00:00

Leire Elizegi (Bizipoza Elkarteko koordinatzailea), Porrotx eta Zapotxin pailazoekin, atzoko aurkezpen ekitaldian.

Festa haundia prestatu dute, Bizipozako elkarteek eta herriko eragileek elkarlanean. 
Atzo aurkeztu zuten Biterin, ekitaldi ederrarekin.

Biteriko areto nagusia dantzan jarri zuen Bizipoza Elkarteak, atzo arratsaldean. Baina beroketa besterik ez zen izan: apirilaren 27an ospatuko dute Bizipoza Jaia Hernanin, eta hori aurkezteko ekitaldia zen atzokoa.

Bizipoza osatzen duten 38 elkarteek eta herriko eragileek egin dute bat jaiaren antolaketan, eta horietako hainbat presente izan ziren atzoko ekitaldian: Bizipoza bera, Hernaniko Udala, Dobera Euskara Elkartea, Super H Elkartea, Gaztelekua, Pausoka Elkartea, Kanika Aisialdi Taldea, Totem eta Mitxelena babesleak, eta Hernaniko Boleibol Taldea.

Umoretsu aritu ziren, aurkezle lanetan, Zapotxin eta Porrotx pailazoak; eta trikitilariek eta Ttarlako dantzariek girotu zuten ekitaldia. Izan ere, horrelakorik ez du faltako Bizipoza Jaiak, «denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzeko bidean», euskeratik eta euskeraz.

Jaiaren beroketa lanak  ikasleek, apirilaren 26an

Apirilaren 27an izango da festa haundia, baina bezperan hasiko dituzte beroketa lanak. Izan ere, 'Badator Bizipoza Jaia!' ekimena prestatu dute, Hernaniko ikastetxeen eskutik, hilaren 26rako. Plazan elkartuko dira horretarako, arratsaldeko 15:15etan.

Biharamunean, berriz, Atsegindegi, Urbieta kalea eta Bi­teriko plaza izango dira inklu­si­oaren erdigunea. Denetik izan­go da horietan: elkarteen jar­du­naren berri emateko gunea, jolasak, tonbola, 'Go!azen'eko lagunen ikuskizuna, musika, dantza, paella jatea, pailazoen emanaldia, erromeria, hartubol erakustaldia...

Atzoko ekitaldiaren bukaeran aurkeztu zuten egitarau osoa, aretoa bete zuten herritarren irrika piztu ondoren. Izan ere, egitarauaren berri eman aurretik, jaiaren eredu laburtua izan zen ia, Biterin eskaini zutena. Ez zuten huts egin abestiek (Ai Zapotxin, Axeri Dantza, Epoitaitaie eta Agur bat lagun maite), trikitilariek girotuta; ezta Ttarla­ko dantzarien saioak ere. Bertaratuen barre algarak eragin zituzten Zapotxinek eta Porrotxek, buruhaundien ipurdikoak tarteko. Jolasean aritu ziren Kanikako kideak eta Hernaniko Boleibol Taldekoak, taula gainean bertan. Eta hitz goxoak izan zituzten Totem eta Mitxelena babesleek, Hernaniko Udalak, Pausoka eta Super H elkarteek, eta Bizipozak berak. Bizipoza Eskola ere aurkeztu zuen Leire Elizegi koordinatzaileak. «Hezkuntzaren eta Bizipoza Elkartearen arteko harremana aspalditik dator, eta ekarpen praktiko bezain garrantzitsu eta beharrezkoa egitera dator Bizipoza Eskola: Hezkuntza inklusiboa», nabarmendu zuen.

Beroketa ederra izan zen atzo­koa, eta osagai guztiak prest daude, apirilaren 27ko festa bete-betekoa izan dadin.

BIZIPOZA JAIA-APIRILAK 27

ATSEGINDEGIN

10:30-14:30, Bizipozako elkarteen gunea

10:30-14:30, Bizipoza jolasa

10:30-14:30, 'Euskal tonbola', Dobera Euskara Elkartearen eskutik

11:00, 'Go!azen'eko lagunen ikuskizuna

11:30, Hernaniko erraldoi eta buruhandien konpartsa, herrian zehar

11:45, Ttarla dantza taldearen emanaldia

12:30, Hernaniko Musika Eskolako trikitilariak, herrian zehar

12:45, Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia

13:30-15:30, Paella jatea, Pausoka Elkartearen eskutik

16:00, Zapotxin, Porrotx eta Marimototsekin irri, kantu eta dantza

17:30, Merienda

18:00, Itzal taldearekin erromeria

URBIETA KALEAN

10:30-14:30, Kanika Aisialdi Taldearen, Aratz Ikastolaren eta Gaztelekuaren haurrentzako tailerren gunea

12:00, Hernaniko Boleibol Taldearen hartubol erakustaldia

BITERIKO PLAZAN

10:30-14:30, Bizipozako elkarteen tailerrak

12:15-14:30, Hernani Burujaberen Altxorraren Bila

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!