Hastear da pala txapelketa herrikoiena, Tilos 7 Pasa. Gaur bertan ekingo diote, sekulako partehartzearekin, beste behin. 75 bikote ariko dira, lau mailatan banatuta: nesken txapelketan zortzi bikote, lehenengo mailakoan beste zortzi, bigarren mailakoan 41 bikote, eta txapelketa herrikoiean 18.
Astelehenetik ostiralera, egunero jokatuko dituzte partiduak: arratsaldeko 17:45etan hasiko dira jaialdiak, eta hiruna partidu jokatuko dituzte arratsaldero; 18:30etan izango da bigarren partidua, eta 19:15etan hirugarrena, gutxi gorabehera. Estreinako jaialdian, honakoak izango dira partiduak, gaur: Iraola-Zabala eta Kristian-Merino (bigarren maila), Arnaitz-Oier eta Otegi-Arizkorreta (herrikoia), eta Tapiz-Etxebe eta Juarez-Elgeta (bigarren maila).
Bihar, berriz, honakoak izango dira partiduak: Alkorta-Beloki/Lizaso-Esoain (bigarren maila), Belauntza-Ponce/Rekondo-Gorostidi (bigarren maila), eta Fernandez-Chaves/Onintza-Ainhoa (neskak). Eta ostiralean, lehenengo astea bukatzeko, beste hiru jokatuko dituzte: Otaño-Gurutzealde/Del Cura-Sanchez (bigarren maila), Apezetxea-Irizar/Azpi-Galartza (bigarren maila), eta Arizmendi-Inda/Mitxelena- Olaizola (lehenengo maila).
Aurreneko fasean, multzoka banatuta
Ligaxkarekin ekingo diote, txapelketako lau kategorietan. Horretarako, multzoka banatuta ariko dira bikoteak. Lehenengo mailan eta nesken txapelketan, lau bikoteko bi multzo izango dira, eta multzo bakoitzetik bi bikote onenak sailkatuko dira finalerdietara.
Bigarren mailan, berriz, 13 multzo izango dira guztira: hiru bikoteko 11 multzo, eta lau bikoteko bi multzo. Multzo bakoitzeko bikote onenak sailkatuko dira final zortzirenetara, eta baita bigarren sailkatutakoen artean hiru onenak ere, koadroa osatzeko.
Eta txapelketa herrikoiean, azkenik, sei multzo izango dira, bakoitza hiru bikoterekin. Multzo bakoitzeko liderrak egingo du aurrera, final laurdenetara; eta bigarrenen artean bi onenek.