Beste urte batez, haur eta gaztetxoentzako bi eskaintza prestatuko ditu Hernaniko Udalak udarako: Udaleku Irekiak, 3 eta 10 urte bitartekoentzat; eta Kirol Udalekuak, 11 eta 12 urtekoentzat. Bietarako, atzo zabaldu zuten izenemate epea, eta apirilaren 28ra arte apuntatu daiteke. Internet bidez egin behar da, hernani.eus/udalekuak webgunean. Izena ematerakoan arazorik edo zalantzarik izanez gero, Udaleko Haur eta Gazteria Arloaren bulegora jo (Aristizabal kalea 7) edo telefonoz deitu (943 33 70 41) daiteke.
Uztailerako antolatuko dituzte bi udalekuak, «herriko haurrek euskeraz eta berdintasunean jolastu eta herriaz gozatzeko»; eta aire librean burutuko dituzte ekintzak, begiraleek dinamizatuta.
Uztailaren 1etik 24ra izango dira Udaleku Irekiak, goizeko 09:30etatik 13:00etara. 2014 eta 2020 urteen artean jaiotakoek hartu dezakete parte, betiere Hernanin erroldatuta badaude edo Hernanin ikasten badute. 104,65 eurokoa izango da matrikularen prezioa. Adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerak prestatuko dituzte, hilabete osorako. Aurretik, ekainaren 6an egingo dute bilera gurasoekin, arratsaldeko 17:30etan Biterin, udalekuei buruzko xehetasunak eta azalpenak emateko.
Kirol Udalekuak, berriz, uztailaren 1etik 19ra izango dira, ordutegi berean, goizeko 09:30etatik 13:00etara. Kasu horretan, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako gaztetxoek hartu dezakete parte, Hernanin erroldatutakoek edo bertan ikasten ari direnek. 103,60 eurokoa da prezioa, eta kirol jarduera ezberdinak ezagutu eta praktikatuko dituzte partehartzaileek: piraguismoa, eskalada, errugbia, jarduera fisikoko jolasak... Kirol Udalekuen kasuan, gehienez ere 150 gaztetxorentzat izango da tokia. Kopuru hori gaindituz gero, herriko ikastetxeetan ari direnek izango dute lehentasuna, eta irizpide hori aplikatuta ere 150 baino gehiago badira, zozketa egingo dute. Ekainaren 6an izango da bilera gurasoentzat, 18:30etan Biterin.
Esan bezala, apirilaren 28ra arte izango da izena emateko epea, eta egun horretatik aurrera apuntatzen direnekin, itxaron zerrenda osatuko dute, bajarik balego plaza hutsak betetzeko. Izenemate epea bukatuta baja eman nahi dutenek, idatziz aurkeztu beharko dute eskaera, eta hori onartzekotan, baja emateko unea hartuko da kontutan, matrikula kobratzerakoan: baja eskaera ekainaren 1etik 15era aurkeztuz gero, %10 kobratuko da; eta ekainaren 16tik aurrera eginez gero, matrikula osoa.
Begiraleen lan-poltsa zabalik, Udaleku Irekietarako
Bestalde, Udalak jakinarazi du lehiaketa ireki bidez osatuko duela Udaleku irekietarako begiraleak kontratatzeko lan-poltsa. Begirale gisa aritu nahi dutenek, zabalik daukate izena emateko epea, maiatzaren 7ra arte. Oinarriak eta izenemate orria eskuragarri daude hernani.eus webgunean eta udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan.
Kirol Udalekuetan begirale aritu nahi dutenek, berriz, kaxkardi@gmail.com helbidera bidali dezakete Curriculum Vitaea. Izan ere, Kaxkardi Kirol Elkarteak kudeatuko ditu udaleku horiek, aurten ere.