Gallego garaile, Gipuzkoko Kopako lehenengo tiraldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 16a, 00:00
Fernando Gallego eta Ibon Miner, joan den igandean, Gipuzkoako Kopako lehenengo tiraldian.

48 brilarekin gailendu zen Gallego. Emakumezkoetan hirugarren izan zen Martxeli Kanflanka. 

Igandean egin zuten Gipuzkoako Kopako lehenengo tiraldia, Hernaniko bolatokian. Jardunaldi ederra izan zen bailarako bolarientzat, bost geratu baitziren lehenengo hamar sailkatuen artean. Guztietan onena Fernando Gallego hernaniarra izan zen, 48 brilarekin. Emakumezkoen tiraldian Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak hirugarren postuan amaitu zuen, 28 brilarekin. 

Gallegok nagusitasunez irabazi zuen igandeko tiraldia. 48 brila botata, lehenengo postuan dago une honetan, 25 punturekin. Bailarako hurrengo sailkatua Ibon Miner ereñotzuarra da; Hernaniko tiraldian 44 brila bota zituen Minerrek, eta laugarren postuan amaitu zuen. Patxi Loreak hernaniarra bosgarren izan zen (44 brila), Joxe Mari Etxebeste astigartarra seigarren (41 brila) eta Mikel Arroio hernaniarra hamargarren (40 brila). 

Emakumezkoetan Kanflankak lortu zuen bailarakoen artean postu onena. Hirugarren postuan amaitu zuen igandeko tiraldia, 28 brilarekin. Lau gutxiago lortu zituen Rosa Santos hernaniarrak, 24 brila, eta laugarren postuan dago une honetan. 

 

Hiru tiraldi gehiago izango ditu Gipuzkoako Kopak

Sailkapenak sailkapen, Gipuzkoako Kopa hasi besterik ez da egin. Lehenengo tiraldia izan zen igandekoa, eta beste hiru egin beharko dituzte bolariek txapelketa amaitu bitartean. Hurrengoa igande honetan izango da, Legazpiko bolatokian. Hirugarrena Usurbilen egingo dute hilaren 28an, eta azkena Idiazabalen izango da, maiatzaren 5ean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!