Gipuzkoako Batel Txapelketa irabazi zuten Hernaniko neska jubenilek igandean, San Pedron

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 16a, 00:00
Hernaniko neska jubenilak igandeko estropada irabazita, San Pedron.

Emaitza «ederrak» lortu dituzte Hernaniko Arraun elkarteko arraunlari gazteek. Jubenilek finala irabazteaz gain, taldeko Nahia Peñagarikanok patroi onenaren saria jaso zuen.

Astebururako zita garrantzitsua zuten Hernani Arraun Elkarteko arraunlariek. Izan ere, Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatu zen Pasai San Pedron. Larunbatean Ligako azken jardunaldia jokatu zen, txapelketarako sailkapen estropada ere zena. Igandean, finalak jokatu ziren. 

Larunbatean, Gipuzkoako Batel Txapelketako igandeko finalera sailkatu ziren Hernaniko neska jubenilak. Aurkari izan zituzten Tolosaldea, Hibaika eta Mutriku. Hernanirentzat izan zen garaipena, eta, beraz, une honetan, Hernaniko neskak Gipuzkoako txapeldun bilakatu dira. Eta ez zen sari bakarra izan, Naia Peñagarikanok patroi onenaren saria ere lortu baitzuen. Emaitzekin oso pozik agertu da Asier Ocon jubenil eta absolutu mailako arraunlarien entrenatzailea: «Helburua, lehen ziabogaraino beste ontziekin batera iristea zen, eta baita lortu ere. Hortik aurrera estropadaren burua hartu, eta ez zuten helmugaraino utzi. Txapeldunak! Garaipenak asko poztu gaitu, eta neskak egiten ari diren lan ona berresten du. Konfiantza haunditu egin da asteburu honetan, Pasai Donibanen ospatuko den Euskadiko txapelketari begira. Absolutuek (seniorrek) ere parte hartuko dute, jubenilekin batera, ea igandeko finala jokatzeko aukera dugun. Hori da gure helburua». 

Erik Gonzalez eta Mikel Rossel infantilen eta kadeteen (promesak) entrenatzaileek aitortu dute pozik daudela larunbateko Gipuzkoako Txapelketako sailkapen estropadan lortutako emaitzekin: «larunbatean nahi genituen helburuak lortu genituen. Hau da, neska infantilak igandeko finaleko ohorezko txandan sartzea; mutilak ere txukun aritu ziren, euren arerioetara hurbiltzen jarraitzen dute. Neska kadeteak ere bikain aritu ziren, finalean sartzetik oso segundo gutxitara geratu ziren».

Infantiletan, «lan haundia» egin zutela goraipatu dute entrenatzaileek: «Infantil neskak domina oso gertu izan zuten, hirugarrenarengatik ehuneko gutxitara geratu ziren. Halere, pozik lorturikoarekin, eta Euskadiko txapelketari begira, finalean parte hartzea da gure nahia. Mutilen lana ere ona izan zen, larunbateko lana hobetuz». 

Amaitzeko, kadete nesketan, helburua Federazio txapelketa irabaztea omen zen, eta bigarren gelditu ziren, hala ere, egindako lanaz harro agertu dira entrenatzaileak: «Atzetik aurrera eginez, estropada bikaina burutu zuten. Astebururako, Euskadiko txapelketan, beste urratsak haundi bat ematea da asmoa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!