«Abeltzainen eta nekazarien elkartea sortzeak, sektorearen ahalduntzea ekarriko du», azaldu du EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 15a, 00:00
Ostiralean bisitatu zuten Bertatik.

'Bertatik' elkartea sortu dute; Hernaniko sukalde zentrala.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Ander Goikoetxea EAEko hauteskundeetarako EH Bilduko hautagaia, Hernaniko Elikadura Burujabetzako plan estrategikoaren berri ematen izan ziren pasa den ostiralean, eta horren baitan sortutako egitasmoak ezagutzen. 

Lertxundik azaldu zuenez, «lehen sektoreko ekoizleek, nekazari eta abeltzainek, protagonismo nabarmena dute plan honetan. Lehen aldiz Hernaniko nekazari eta abeltzainen elkartea sortu da eta honek ekarri du sektorea ahalduntzea eta Hernaniko Udalarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea». Horrez gain, Hernaniko alkateak ziurtatu du udaletik dirulaguntza partidak bideratu direla nekazari eta abeltzainei zuzenduta: «urtez-urte igoera izan dutenak edota diru partidak bideratu dira nekazal lurra erosi eta nekazaritzara dedikatu nahi dutenei aukera bermatzeko. Horrekin lotuta, nekazal eskola proiektu berriak bultzatu eta martxan jarri dira bazterkeria arrisku egoeran dauden pertsonei zuzenduak, lehen sektorearen erreleboari begira».

Era berean, Lertxundiren ustez lehen sektorearen kezka haundietako bat kontsumo bideak erraztearen da, eta horretarako kontsumo kooperatiba bat sortu da, Hernaniko Sukalde zentrala: «Bertatik transformazio gunea sortu ahal izan da, erakunde publiko zein pribatu eta kooperatiboen elkarlanari esker. Bertan herriko ekoizleen produktuak transformatu egiten dira kontsumo katean sarbide erakargarriagoa izan dezaten eta bestetik inklusioko lanpostuak sortu dira».

Ander Goikoetxeak, berriz, EH Bilduk lehen sektorearekiko dituen proposamenak azaldu ditu, besteak beste: «Diagnosia argia da gurean: lehen sektorea gainbeheran dator; bizi eta lan baldintza ez duinak, elikagai industriekiko eta merkatuekiko menpekotasuna, errelebo-falta... Horrek azken hamarkadatan nekazarien kopurua nabarmen murriztea ekarri du. Azken hiru hamarkadatan baserrien herena hustu da. Egoera honetara ekarri gaituzten politika sektorialak aldatzeko unea da eta horretarako trantsizio bat planifikatu beharra dago, egungo eredutik, eredu jasangarriago, bertakoago eta duinago batera». Horregatik, elikadura politika publikoen erdigunean jarri nahi du koalizio
abertzaleak, nekazari, «abeltzain eta arrantzaleen eskutik hainbat eskalatako neurriak antolatuz, elikadura burujabetzarantz bidea egiteko» gehitu zuen Goikoetxeak.

Amaitzeko ondorengoa gehitu zuen EAEko hauteskundeetarako EH Bilduko hautagaiak: «elikagaiak prozesatzeko azpiegituren faltak nahitaezko bihurtzen ditu azpiegitura publiko-kolektibo berriak. Baita ekoizle txikiei transformatzeko baldintza malguagoak ezarriko dizkien araudia bideratuko dugu, Nekazaritza eta Elikadura Legea garatuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!