Alde Zaharreko hirigintza plan berria aurkeztuko die Udalak, bizilagunei

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 14a, 00:00

Kaxkoko herritarrek historikoki hainbat eskaera egin dituzte.

Plana aurkeztuko dute kaxkoko bizilagunen aurrean datorren asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan, Biterin.

Hernaniko alde zaharraren hirigintza arautzen duen dokumentua (1997ko Plan Berezia) aldatzeko unea iritsi zaiola argitu du Udalak. Indarrean dagoen araua oinarritzen duen dokumentua 554/1995 dekretua dela dio Udalak, 1995ean Eusko Jaurlaritzak ebatzia: «agiri horretan Hernani ingurune historiko EAEko ondasun kultural moduan hartzen da, monumentu multzo kategoriaren barruan. Dekretu horrek ezarri zuen hirigune historikoaren babes erregimena eta baimendutako esku hartzeen arautegia».

Udalak azpimarratu du, dokumentu hori ez dela berrikusi indarrean denetik; eta kaxkoko herritarrek historikoki hainbat eskaera egin dituztela ohartarazi du, «besteak beste, eraikinetan obrak egiteko baldintzak zorrotzak direlako». Horregatik, une honetan, Udalak dokumentu horren eguneraketa idatzi du, «ondasun arkitektonikoaren araudi berria indarrean sartu baita». Plan berri honek, alde zaharreko eraikinetako esku-hartzeak arautuko dituela ziurtatu du Udalak, «espazio publikoaren eta lokal komertzialen erabilerak eta aukerak», hain zuzen. 

Beraz, hirigintza plan berria onartzeko prozedura martxan jarri du Udalak, eta horren lehenengo mugarri gisa, herritarrei aurkeztuko die, haien iritziak eta eskaerak jaso ahal izateko. Hau guztia egiteko, datorren asteazkenerako saio bat antolatu du Biterin, arratsaldeko 18:00etan hasita. Saioaren helburua ondorengoa dela dio Udalak: «plan berria aurkeztea eta aurrekoarekin dituen berrikuntzak azaltzea». Era berean, gehitu du, herritarrek galderak egiteko eta zalantzak azaltzeko tartea ere eskainiko dela, ahoz zein idatziz.

Kaxkoko bizilagunei plana aurkeztu ostean, pauso hauek jarraitzeko asmotan dago Udala: ingurumen dokumentua tramitatzea, planari hasierako onarpena ematea, dokumentua hilabete batez jendaurrean jartzea, administrazio sektorialen txostena eskatu eta jasotzea, herritarren alegazioak jaso eta erantzutea, plan bereziaren behin betiko onartzea; eta, azkenik, hura argitaratu eta indarrean sartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!