III. Biba Azoka, bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00

Diametro 200 espazioan egingo dute Euskal Herriko Ardo Ekologikoen azokaren hirugarren edizioa.

Bihar bertan iritsiko da Hernaniko Diametro 200 espazio gastronomikora III. Biba Azoka; Euskal Herriko Ardo Ekologikoen Azoka. Biba Ardoak kooperatibak antolatutako azokaren hirugarren edizioa da, ardo kultura «berria, bizia, osasuntsua, arduratsua eta herrikoia» sustatzeko sortua.

Azoka goizeko 11:00etan zabalduko dute, eta arratsaldeko 18:00ak arte izango da bisitatzeko aukera. Sarrerak 10 euroren truke erosi ahalko dira, eta horrekin, kopa bat eskuratzeaz gain, Euskal Herriko 14 upategitako 100 ardo baino gehiago dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek.

Azoka ixten denean, bertan afaltzeko aukera ere ahalbidetuko dute, Diametro 200eko Fede Pachak eta bere taldeak prestatutako otordu ederrarekin. Horretarako, afari txartelak aurrez erosi behar dira, 30 euroren truke, https://bibaardoak.eus/ webgunean.

Horrez gain, Diametro 200 egun osoan egongo da irekia, pintxoak, ogitartekoak eta karta eskaintzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!