EH Bilduren ekitaldia bihar, Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia. hizlariak Arkaitz Rodriguez eta Nerea Kortajarena izango dira.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainarekin buru belarri jarraitzen dute alderdi politikoek. EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egingo du bihar Hernanin. Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua Tilosetan, eta bertan egingo dute mitina. Hizlariak Arkaitz Rodriguez legebiltzarkidea eta Sortuko idazkari nagusia eta Nerea Kortajarena EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua izango dira.

Hernaniko EH Bildutik ekitaldi garrantzitsua izango dela nabarmendu dute: «Biharkoa izango da EH Bilduk Hernanin egingo duen ekitaldirik garrantzitsuena, herri honetan eta Gipuzkoa osoan lehen indarra izateko berriro, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehen indar politikoa izateko jauzia egiteko helburuarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!